Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal 'Tturko' Bertsolaritza Eskolako kideak dira, baina baita 'Tripakik juu' taldeko kideak ere. Talde hau da, hain zuzen, datorren ostiraleko Santa Barbarako San Inazio egunaren antolakuntzaren lekukoa hartu duena aurtengoan. Aldaketa haundirik ez da izan momentuz ekitaldiei dagokienez, baina lehenengoa izanda normala da. Hori bai, proposamenetara irekita daude, eta ez dute aldaketarik baztertzen etorkizunean.
Aurtengoan dena egina jaso dute, baina etorkizunean zerbait berria sartu nahi izanez gero, laguntza izango dutela diote, Hernani zentzu horretan herri mugitua baita, talde eta mugimendu asko baitaude martxan. Egunari, bestalde, eskatzen diote eguraldi ona, noski, eta baita giro ona ere; jendea Santa Barbarara joatera animatzea, batez ere gazteak.
Nola jaio zen 'Tripakik juu'?
Andoni: 'Juu' onomatopeia da. Bertso eskolako kide bezala identifikatzen gaitunarentzat, San Inazio eguna ez du antolatzen Bertso Eskolak, eskolako kide batzuek osatutako lagun talde batek baizik, 'Tripakik juu'. Izena txorakeri batetik dator.
'Tturko': Gure txiste interno bat da. Afari bat egiteko beharretik hasi ginen brometan gure artean, tripakiak jango ote genituen. Eta izena hor jaio zen. Gero, antolatzaile bezala izen bat behar genuen, eta horixe okurritu zitzaigun.
Andoni: Gure artean ibilbidea izan duen txistea izan da, momentu ezberdinetan agertu da, eta grazia egiten zigunez jarri genion izen hori lagunen Whatsappeko taldeari, baita kideok osatu dugun antolakuntza taldeari ere.
Lehendabiziko urtez antolatu duzue jaia, nolakoa izan da esperientzia?
'Tturko': Pasa den urtetan antolatzen aritu direnen laguntza izan dugu, eta zentzu horretan traspasea arina izan da, dena nahiko egina eman digute. Hori izan da antolatzea onartzearen arrazoietako bat ere, ikusten genuela laguntzeko prest zeudela, eta alde horretatik esango nuke nahiko erraza izan dela.
Andoni: Normalean izenak aipatzea arrikutsua izaten da, batenbat ahazteko aukera dagoelako. Kasu honetan ez da arriskutsua, lehengo antolakuntza taldean jende gutxi xamar baitzegoen. Eta hori izan da guk pausoa emateko arrazoia, lehen Iker Osa zen batik bat antolatzen aritzen zena, hura ere Bertso Eskolako kidea, nahiz eta Morkaiko taldearen izenean egiten zuen. Eta berak errelebo baten beharra ikusten zuen, pixka bat bakarrik zegoen, nahiz eta herriko beste pertsona batzuk aritzen ziren laguntzen. Guri ere Jon Oñatek lagundu digu, bileratxo batzuk egin ditugu egitarauaren zati bat osatzeko, goizean goizeko partea. Bertso Eskolako giroan sortutako erreleboa da. Gu ere lehen gauzak antolatzen genbiltzan, Bertso Eskolaren barruan badago gogo hori gauzak egitekoa. Esan bezala, nahiko egina utzi digute lana, baina beti behar da norbait azken erabakiak hartzeko, deiak egiteko, logistika lanak egiteko azken finean.
Pasa den urtearekiko aldaketa haundirik ez duzue egin, zergatik?
Andoni: Nik bi arrazoi ikusten ditut. Batetik, gure lehendabiziko urtea izanda nahi genuela pixka bat kontserbadore jokatu, ikusi benetan horrelako egun bat antolatzeak suposatzen duena. Eta bestetik, funtzionatzen duen hori aldatzeak berez ez duela zentzu haundirik. Gu askotan igo izan gara Santa Barbarara, San Inazio festara, izan abestera edo izan bertso bazkaria aditzera edo herri kirolak ikustera; eta ikusten dugu dagoenak funtzionatzen duela, herriko gazteak herri kiroletara ekartzeak jendea biltzen duela, pasoko lekua dela, eta beraz pintxoak jartzeak erakartzen duela jendea, bazkarian urtero osatzen dela 80 lagun inguruko koadrilatxoa, bi bertsolariekin eta trikitilariekin ondo funtzionatzen dela... Orduan, horri jarraipena ematea logikoa da.
'Tturko': Arriskatzeak zentzu haundirik ez zuen, lehendabiziko urtean aldaketak egiten hasteak. Pasa diren urtetan beti giro oso polita egon da gainera, eta horregatik erabaki dugu horrela mantentzea egitaraua.
Gazteak zarete oraindik, esperientziarik baduzue horrelakoak antolatzen?
'Tturko': Bertsolaritzarekin lotutako gauzak antolatzen ditugu bereziki, hemen herrian, bertso saio alternatiboak, adibidez. Horrelakoak antolatzen badugu esperientzia, baina egia da bertsolariez gain herri kirolak eta ekitaldi gehiago hartzen dituen egun oso bat antolatzen ez dugula esperientzia haundirik.
Andoni: Bertso saioak antolatu ditugu mota guztitakoak, baita egunpasak ere. Zentzu horretan ez dugu arazorik. Herri kiroletan zailtasunak ditugu, baina aldi berean Imanol Pagoiaren laguntza dugu; egurrak beraiek ekarriko dituzte, beraien inguruko jendea lotzen dute etortzeko... Gu ezjakinak garen arlo horietan badugu jendea asko dakiena eta laguntzeko prest dagoena, hori zortea da.
Zein da bertsolaritzaren eta San Inazioren arteko erlazioa?
'Tturko': Horrelako egun askotan bezala ohitura haundia dago. Euskal Herrian zehar San Inazio egunean saio asko egongo dira, lotura estua dute bertsolaritzak eta egun honek.
Andoni: Euskal Herrian horrelako egunpasetan ehuneko haundi batean egon ohi dira bertsolariak. Egia da aldatzen dela bertsolariek egunaren barruan duten lekua. Nik esango nuke egitarau honetan pisu nabarmena dutela, eta beraien momentu estelarra izango dutela, jendeak entzungo ditu bertsoak, goizeko saioan eta bertso bazkarian batez ere. Bertsolarien presentzia guretzako ezinbestekoa da. Gu biak ere izan gara Santa Barbaran bertsolari gisa, eta oso egun polita da.
Zer eskatzen diozue egunari?
'Tturko': Betiko giro ona egotea. Trikitilariek, bertsolariek, herri kirolariek eta joaten diren guztien haien lana ondo egingo dute, hortaz zalantzarik ez dugu. Beraz, eskatzen dugu igotzen direnek denen artean gozatzea eta giro lasaia egotea, ezin dugu askoz gehiago eskatu.
Andoni: Hori da, jendea ondo pasatzeko gogoz etortzea, eguraldi ona egitea, jendea animatzea igotzera, gazteak animatzea nahiko nuke nik, giro polita sortzen baita, eta jaiegun batean ez dakit plan hobeagorik egongo den Hernanin, agian batenbatek hondartzara joan nahiko du.
'Tturko': Eta hondartza ez da bere tokitik mugituko!
Jendea animatzeko, ez zait modu hobeagorik okurritzen bertso bat botatzea baino.
Festa bikain bat degu
bertatik bertara,
bertatik bertara
Ta giro falta bertan
ez da izango traba
Bertsoen ziztada ta
aizkoren zartada
Eta euskal festetan
dagoen zirrara
Etor zaitez gurekin
Santa Barbarara