Datorren ostialean ospatuko da, urtero bezala, San Inazio egunari dagokion festa, Santa Barbaran. Betiko egitaraua prestatu dute aurten ere, nahiz eta antolatzaileak ('Tripakik juu'ko kideak) berriak izan. Hala ere, bada pentsatzen duena, funtzionatzen duen hori ez dela aldatu behar. Gainera, Santa Barbarako San Inazio festaren egitarauak badu bere xarma eta izaera propioa, agian mantendu beharra dagoena.
Horrela, goizeko 11:00etan piztuko da ospakizuna, Eider Garro Iraola eta Elaia Diaz Beroz trikitilariekin. Ondoren, 11:30etan, lore eskaintza izango da, eta omenaldia jarraian, 11:45etan. 12:00etako mezaren ondoren, 13:00etan herri kirolak eta bertsolariak izango dira: Bertsotan Andoni Mujika 'Anatx' eta Xabier Illarregi; aizkoran Suharri Paolla, Oihana Fernandez de Barrena, Ander Etxeluze eta Irati Astondoa; eta harrijasotzen Maddi Urra eta Iñaut Aizarna. Pintxoak eta edariak ere eskainiko dira tartean.
Tokia libre, bazkarirako
14:30etan Elutxetan bazkaria egingo da ondoren, menu honekin: Frituak, entsalada mistoa, bakailu tortilla, sahieskia patatekin, postrea, edaria eta kafea. 35 euroko prezioa du menuak, eta aldez aurretik tokia eskatu behar da, 634 47 52 32 telefono zenbakira deituta. Oraindik badago tokia libre, baina gehienez 80 lagunentzako plazak daude.
Bazkalostean jarraituko du festak, bertsolariek bigarren saioa eskainiko baitute, eta gero, arratsaldean zehar, trikilarien musikaz gozatu ahal izango baitute bazkarikoek, baita Santa Barbarara gerturatzen den edonork.