Azkeneko astean sartzera dijoa Zikuñaga Papelera Txapelketa, hilabete osoan zehar Hernaniko kiroldegiko frontoian giro polita jarri ondoren. Dagoeneko jokatu dira hainbat semifinal, baina azkenekoak datozen egunetan izango dira. Horien artean, etzi izango dira 14-17 urteko nesken txapelketari dagozkionak.
Zehazki, astearte arratsaldean ariko dira, 18:30etan hasita, ligaxkatik sailkatutako lau bikoteak. Bada Urumeako esku pelotari bat, tartean: Araitz Legarreta aranoarrak jokatuko du bigarren semifinala, Galardirekin batera, Iparragirreren eta Cresporen kontra. Aurretik, beste semifinalean ariko dira honako bi bikoteak: Arratibel-Alberro eta Imaz-Arruti.
Mutiletan ere jokatuko dira zenbait semifinal, datorren astearen hasieran, azkeneko finalistak erabakitzeko. Izan ere, uztailaren 30ean eta 31n jokatuko dira final guztiak: ostegunean arratsaldez ziur, eta ostiralean, jaieguna izanik, zehazteke dago goizez edo arratsaldez izango diren. Egun horretan, gainera, denboraldi bukaerako bazkari edo afaria egingo du Hernaniko pelota klubak.