Gaur jokatuko da erremonteko Jai-alai Summer Seasoneko finala

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 25a

Endika Barrenetxea eta Aritz Zubiri urumearrek kontrario izango dituzte Juanenea eta Aldabe.

Iritsi da eguna, erremonteko Jai-alai Summer Season txapelketako final haundiarena. Alde batetik bi urumearrek osatzen duten bikotea, Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Zubiri goizuetarra; eta bestetik Aritz Juanenea Saldiastarra, Kemen Aldabe lekunberriarrarekin batera. Txapelketa honen bitxikeria da, Barrenetxea-Zubiri bikotean biak atzelariak direla, eta hala ere finalera iritsi dira, ibilbide ezinhobea eginez ligaxkan zehar. Juanenea eta Aldaberen kasuan, aurrelari eta atzelari dira, hurrenez hurren.

16:30etan hasiko da jaialdia, Galarretan. Lehendabiziko partiduan ariko dira Susperregi-Goikoetxea, Julen Deskarga hernaniarraren eta bere kide den Eskuderoren aurka, Oriamendi txapelketari dagokion partiduan. Azkenik, arratsaldeko hirugarren partidua jokatuko dute Segurola-Larrañaga Aiestaran VII-Azpiroz bikoteek, aurrez aurre, Jai-alai Summer Seasoneko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko. 

Ibilbide perfektua finalera arte, urumearrek

Ligaxkak hiru jardunaldi bazituen, Aritz Zubiri goizuetarrak eta Endika Barrenetxea hernaniarrak bazekiten finala jokatuko zutela, bigarren jardunaldia amaitu bezain pronto. Meritu bikoitza dute gainera, biak atzelariak baitira. 

Lehen bi jardunaldiak irabazi zituzten urumearrek, nagusitasunez. 2-0 irabazi zuten lehendabizikoa, eta 2-1 bigarrengoan, 7 puntu pilatuz oro har. Horrela matematikak zioen finalera sailkatuta zeudela hernaniarra eta goizuetarra. Eta badaezpada ere, hirugarren jardunaldia irabazi zuten, 2-1, plenoa eginez ligaxkan eta 10 puntu pilatuz. 

Hirugarren jardunaldi horretan erabaki zen beste finalista, finalerdi kutxuko partiduan; irabazten zuen bikoteak jokatuko zuen finala. Eta Juanenea eta Aldabe izan ziren garaileak. Ezkurra eta Segurola menderatu zituzten, 2-1 (14-15, 15-13 eta 8-6), estu baino estuago. Aurreko bi jardunaldietan garaipen (2-1) eta porrot (2-1) bana suertatu zitzaizkien; porrota, urumearren aurkakoa, hain zuzen.

 

Pelota ezberdinak, finalerako

Astezkenean izan zen finalerako material aukeraketa, eta pelota ezberdinak aukeratu zituzten bikoteek, bakoitzaren estilorako aproposak. Aukeratzen lehenak izan dira Juanenea eta Aldabe: bolo txikiko pelotak aukeratu dituzte, bote txikiagokoak eta lehorragoak (130 eta 128 gramoko bana, eta 129ko bi). Urumearrek, ondoren, aurkako ezaugarriko pelotak aukeratu zituzten (128, 127, 126 eta 124 gramoko bana). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!