Pasa den igandean zazpigarren estropada jokatu zuen Hernaniko 'Maialen' traineruak, Portugaleten. Zazpigarren postuan amaitu zuen, berriro ere kale-zozketan «zorte txarra» izan ondoren; izan ere, itzulerako luzea «ez zen batere erraza izan» Jon Ocon entrenatzailearen arabera: «Lehen luzean eutsi genien Isuntza eta Ondarroari, baina ziaboga emanda, bi minutu oso gogor izan genituen tokatu zitzaigun kaleko korronteagatik».
Eta estropada bana dituzte bihar eta etzi, Sestaon (11:45) eta Zumaian (11:00), hurrenez hurren. Sestaoko arraun eremua Portugaletekoaren ia berdina da: «Ea kale zozketan zorte apur bat dugun», dio Oconek. Igandekoa, ordea, oso ezberdina izango da, Zumaiako itsasoko uretan izango baita: «Aurreikuspenen arabera, itsasoa nahikoa dantzan ibiliko da; olatuak izango ditugu. Beste erronka bat. Ilusioz gaude datorren asteburuari begira», azpimarratu du entrrenatzaileak.