Pasa den ostegunetik igandera (uztailak 16-19) izan zen Espainiako Infantilen Igeriketa Txapelketan Jurdan Zaldua, Hernani Igeriketa Taldeko kidea. Eta atzo ekin zion Uxue Santxok Espainiako Udako Junior Igeriketa Txapelketari, igandera arte Sabadellen izango dena.
Lau probatan aritu zen Zaldua, guztietan bere marka pertsonala hobetuz. Ostegunean, 50 metroko estilo libreko proban, 15garren geratu zen, 25,31 segunduko denborarekin (bere marka 25,63koa zen). Ostiralean, 200 metroko librekoan, 10garrena izan zen, 2:00ko markarekin (bere marka zen 2:02).
Eta larunbatean finaletik gertu egon zen, 100 metroko librekoan: 9garren amaitu zuen, 54,71ko denborarekin (bere marka 56,71 zen). Azkenik, igandean, 200 metro 'Estilos' proban, 22garren bukatu zuen, 2:19ko denborarekin (bere marka zen 2:20).
Eta Uxue Santxoren txanda da orain, jada Sabadellen dagoena Udako Junior Igeriketa Txapelketan. Bertan, 50 eta 100 metroko bular probatan hartuko du parte.