'Ziztadak' aurkeztu zuten, asteartean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 23a

'Ziztadak' proiektua osatzen duten sei intsigniak.

Natalia Martinezen proiektua da, iaz Hernaniko Udalaren Sorkuntza Beka jaso zuenetako bat.

'Ziztadak' izeneko proiektua aurkeztu zuten pasa den aste­artean egitasmoaren buruak, Natalia Martinezek, eta Aitor Huizi Kultura zinegotziak. Proiektu hau izan zen, hain zuzen, pasa den urtean Hernaniko Udalaren Sorkuntza Beka jaso zuen proposamen artistikoetako bat. 

Martinezek euskera ikasten ari diren ikasleengan pentsatuta burutu zuen bere egitasmoa, sei intsigniako bilduma bat diseinatu eta ekoitziz. Horrela, intsignia bakoitzak euskeraren ikaskuntzaren fase bat irudikatzen du; hasiberritik euskaldun oso izateraino. Hori aurrera eramateko, 6.600 euroko diru-laguntza jaso du.

Natalia Martinezek artearekin eta sorkuntzarekin lotura zuzena du, Balma Studioren sortzailea baita. Baina hizkuntzarekin ere badu lotura; izan ere, Hernanin bizi den kataluiniarra da Martinez, eta egitasmoaren aurkezpenean adierazi zuen bezala, «motibazio pertsonal» batetik abiatu du sorkuntza prozesu hau: «Euskera ikasten ari naiz, eta bertatik bertara ezagutu ditut bideko pozak zein zailtasunak. Bizipen pertsonal horrek inspiratu du 'Ziztadak', ni bezala egunero hizkuntzara eta euskal kulturara hurbiltzen ahalegintzen direnei laguntzeko eta egiten duten ahalegina aitortzeko borondatearekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!