Koordinatzaile eta begirale bila, Hernaniko Eskola Kirolerako

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 22a

Obstakuluen proba egin zuten, pasa den ikasturteko Eskola Kirolean.

Izena emateko deialdia abuztuaren 20ra arte mantenduko da irekita.

 

Hernaniko Eskola Kiroleko Koordinatzaile pedagogikoa eta begiraleak hautatzeko deialdia ireki da. Hernaniko Eskola Kiroleko Mahaiak adierazi duenez, Koordinatzailearen eginkizuna eta ardura izango da Hernaniko Eskola Kiroleko programa «pedagogikoki koordinatzea, Jolas Hezi, Multikirola eta DBHko programen garapena bultzatuz». 

Begiraleen eginkizuna, berriz, izango da saioak antolatzea eta dinamizatzea, «giro hezitzaile eta inklusiboan». 

Horrela, Eskola Kiroletik esan duten bezala, lanpostu hauetan interesa duten pertsonek deialdietan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte, eta eskaera dagokion formularioaren bidez aurkeztu, curriculuma erantsita. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 20an zabaldu zen, pasa den astelehenean, eta abuztuaren 20ra arte mantenduko da irekita. 

Aipatutako deialdien oinarriak eta izena emateko formularioak eskuragarri daude herriko ikastetxe guztien webgune guztietan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!