Ezin izan du urte gozoa borobildu Hernanik, Herriartekoan. Erakutsi du maila ederra kategoria guztietan, eta ezin estuago hartu du Leitza finalean, baina ihes egin dio Euskal Herriko txapelak azken-azkenean. Kadete mailako partidua irauli eta aurreneko puntua lortu ondoren, leitzarrek eskuratu dituzte beste biak, oso partidu borrokatuetan. Edonola ere, ederki gozatu dute Zumarragako Beloki frontoira bertaratutakoek, eta eskertu dute esku pelotari hernaniarren lana eta kemena. Giroa paregabea izan da harmailetan, beste behin, jaialdi osoan.
Ez dute hasiera erraza izan Oier Arsuagak eta Lier Zugastik, kadete mailako partiduan. Bere onena eman ezinik ekin diote partiduari, eta atzean kargatu dute jokoa Hodei Sagastibeltza eta Aiur Ugartemendia leitzarrek. Ziztu batean hartu dute aldea markagailuan (1-6 eta 2-8). Baina hortik aurrera guztiz aldatu da partidua. Akats pare bat egin dituzte leitzarrek, eta konfiantza hartu dute hernaniarrek. Oso sendo aritu da Zugasti atzean, eta Arsuagari bizi-bizi atera zaio pelota eskutik; erremate ederrak utzi ditu bere ezker pozoitsuarekin. Horrela, aurretik iritsi dira lanerdietara (11-9), eta atsedenetik bueltan aurreneko tantoa leitzarrek egin duten arren, hernaniarrenak izan dira hurrengo zazpiak (18-10). Galduta ikusi dutenean, arriskatzen hasi dira leitzarrak, eta baita gerturatu ere (18-15). Hernaniarrek defentsan lan zoragarria eginda lortu dute bolada txarra etetea, Sagastibeltzaren huts bati esker; eta Arsuagak bukatu du partidua: bi erremate zoragarri eta sake eder bat, eta aurreneko puntua Hernanirentzat (22-15).
Kadeteen hasiera gogorra izan bada, amesgaiztoa izan da jubenilena. Sekulako joarekin aritu dira Julen Baleztena eta Aimar Zubillaga leitzarrak, eta ezinean hernaniarrak: Ekhi Oses jokoan sartu ezinda, eta Manex Alberdi atzean sufritzen. 0-7 egin diete ihes, eta atsedenetik bueltan eten dute odol-hustea hiru tantorekin, baina berriro egin diete ihes (3-13). Ordura arte 'kateatuta', jokoan gehiago sartzen hasi da Oses, eta hasi zaio aurrelari leitzarraren uholdeari aurre egiten, berak hainbat erremate lortuz, eta Baleztenaren akatsak eraginez. Aurrerapauso bat eman du Alberdik ere, leitzarren joari gero eta indartsuago erantzunez. Partiduan sartu dira hernaniarrak horrela, partzial politarekin (9-14). Momentu txarrean galdu ditu bi pelota Alberdik atzean (9-16), baina lanean jarraitu dute hernaniarrek, eta Osesek bazterrak nahastu ditu berriro aurreko koadroetan (12-16). Axeri Dantzaren doinuak hauspotuta egin ditu bi gantxo zoragarri Osesek (14-17), eta harmailetan erabateko festa giroa piztu da zale hernaniarren artean. Hurrengo tantoak ikaragarriak izan dira: pelotariak hazita kantxan, eta herritarrak eserlekuetatik altxata, markagailua iraultzen hasi dira eskutik helduta (16-17). Baina orduan, Oses izan da bi akats egin dituena, momenturik txarrenean (17-20). Amore ematea, ordea, debekatuta daukate gazte hauek, eta azkeneko indar apurrak emanda berdindu dute partidua aurrenekoz (20-20). Atsedena eskatu dute leitzarrek, zati erabakigarria jokatzeko. Kale edo bale. Eta hotz geratu da harmailetako alde gorria, hernaniarrena, Osesek ezker boleaz azkeneko bi hutsak egin dituenean (20-22). Puntua leitzarrentzat, eta dena nagusien esku.
Hobeto hasi dira kontuak Xapi Apaolazarentzat eta Markel Lizeagarentzat, aurreneko hiru tantoak lortuta (3-0), pelota bizi mugitzen. Baina bizpahiru akats egin dituzte segidan, eta aurrea hartu diete Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea leitzarrek (3-4). Hasi orduko geratu da agerian, partidu borrokatua izango zela, maila haundia erakutsi duten lau pelotarirekin. Sekulako erritmoa hartu du jokoak, eta erritmo horretan, erremate ederrak eta akatsak tartekatu dira bi aldeetan, markagailuko parekotasuna hautsi gabe. Leitzarrak izan dira balantza desorekatzea lortu dutenak, lau tantoren abantaila lortuta (6-10), eta partidua etetea erabaki dute hernaniarrek, atsedena eskatuta. Asmatu dute erabakiarekin, lortu baitute leitzarren bolada ona gelditzea (8-10). Inor jokoan erabat nagusitu gabe, orain gerturatu, orain urrundu aritu dira, bi-hiru-lau tantoren alde horretan mugituz. Baina Apaolazaren erremate gozoak tarteko, lau tanto kateatu dituzte hernaniarrek, eta partidua 13na berdindu ondoren, aurrea ere hartu dute (14-13). Partiduak parekotasuna berreskuratu du, 14na, 15na eta 16na ere berdinduta, baina leitzarrak izan dira, berriro ere, zuloa zabaldu dutenak (16-20). Lizeagaren defentsa ederrari eta Apaolazaren joari esker eten dute bolada txarra (17-20), eta atseden hartzera exeri dira lau pelotariak, zati erabakigarriari heltzeko.
Bikain heldu diote hernaniarrek, aurrean zein atzean indartsu, atzelari leitzarraren nekea kastigatuz. Etorri zaizkie gainera (19-20), eta berriro atsedena eskatu behar izan dute nafarrek. Baita asmatu ere: tanto gogor baten ondoren, Apaolazak ezin izan du pelota bat jaso aurrean (19-21). Eta berriro aulkira denak, azkeneko tantoa izango zena jokatu aurretik. Tanto dramatikoa, aurrelari hernaniarrak erremate erraza beheko koltxoira bidalita bukatu dena (19-22).
Bukaera gazia, partidu eta jaialdi haundia izan denarentzat. Txapelak Leitzara azkenean, sekulako maila erakutsi duten bi herriren arteko lehia ederrean.