Obrak hasiko dituzte bihar Hernaniko Lizeaga auzoan, bertako ur-hornidura sarea berritzeko. Lanek sei hilabete irautea aurreikusi da, eta 528.676,43 euroko inbertsioa egingo du Udalak.
Helburua da auzoko ur-hornidura sarea berritzea, «gaur egungo sareko hoditeri gehiena zaharra eta fibrozementuzkoa» delako. Gainera, «auzoak ur-biltegiarekiko duen maila-aldea dela eta», presio altua du, eta beraz, azken urteetan ur-ihesak eta isuriak gertatu dira. Egindako lanekin, isuri eta ihesak ere ekidin egingo dira.
Lanak faseka egingo dira, Lizeaga kalearen bukaeratik (Victor Hugo eta Antsorena Anaien kaleko bidegurutze ingurutik) hasita. Obrek, bestalde, eragina izango dute bizilagunengan, nahiz eta «ahalik eta txikiena izateko saiakera» egingo den. Batetik ur-mozketak egingo dira, aurretik atarietan jakinaraziko direnak, abisu bidez. Aparkaleku batzuk ere hartuko dira obretarako, «tarteka, progresiboki eta beharren arabera».
Udalak azaldu duenez, lanen hasiera «espero baino gehiago» atzeratu da; izan ere, «lanen esleipen lizitazioa hutsik geratu zen ohiko prozedura egitean, ez zelako enpresarik aurkeztu». Ondorioz, publizitate gabeko prozedura negoziatu gisa esleitu behar izan du Udalak. Azkenean, Gabirondo Iturgintza S.L. enpresak egingo du obra.