Iraileko Merkataritza Festan parte hartzeko deia, Hernaniko merkatariei

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 18a

Merkataritza Festa ospatuko dute Hernanin aurten ere, irailaren 11n. Tematikoa izango da aurtengoa, gazteriaren ingurukoa, Berriak elkarteak, Ekhilurrek eta Udalak antolatuta, eta Gazteria Sailarekin lankidetzan. Horrekin, lortu nahi dute gazteak herriko komertzioetara hurbiltzea eta tokiko merkataritzarekin duten lotura indartzea. Ekintza ugari izango dira egun osoan zehar; besteak beste, gazteentzako altxorraren bila, kale animazioa edota DJ ibiltaria. Eta herriko komertzioen postuek beteko dituzte kaleak, produktuak kanpora aterata. Hain juxtu, establezimenduei egin diete deia, Merkataritza Festan parte hartu dezaten. Irailaren 7ra arte eman dezakete izena, ondoko helbidean: https://forms.gle/ww8k1zBeEt4rgPv18. Jakinarazi dute, gainera, Kaxkotik kanpoko dendek aukera izango dutela beraien postua Kaxkora mugitzeko. Era berean, postuari buruzko gomendioak edota materialarekin laguntza behar duenak, Berriak elkartera jo dezake. «Animatu eta parte hartu! Denon artean Merkataritza Festa egun berezi eta arrakastatsua bihurtuko dugu!», adierazi dute elkartetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!