«Borrokatzea eta gozatzea» helburu hartuta, «sari gehigarria» izango litzateke Hernaniko esku pelotarientzat, biharkoan txapela janztea. Gipuzkoako Herriartekoa irabazi ondoren, Euskal Herrikoaren finalera iritsi dira, eta ibilbide ederra egin dute dagoeneko. Baina behin horra iritsita... zeinek ez du txapeldunetan txapeldun izan nahi?
Intentzio horrexekin joango dira bihar Zumarragara, kontrario gogorrenari aurre egitera: Leitza izango dute aurrean, Nafarroako txapelduna, eta hiru kategorietan bikote indartsuak dauzkana. Goizeko 11:00etan hasiko da jaialdia, eta doakoa izango da sarrera. Hortaz, bertaratu dadila ahalik eta hernaniar gehien, herriko pelotariek eskertuko baitituzte haien animoak.
Leitzarrena bezalaxe, ez da seikote makala hernaniarrena. Gipuzkoakoan nagusitu ziren seiak ariko dira biharkoan, hiru bikote oso konpleto osatuta: Oier Arsuaga eta Lier Zugasti kadeteetan, Ekhi Oses eta Manex Alberdi jubeniletan, eta Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga nagusietan. Arsuaga da aldaketa bakarra, Aratz Labakaren ordez, semifinalean Zeanuri 2-1 menderatu zuen seikotetik. Hain juxtu, kadeteetan jaso zuten porrot bakarra hernaniarrek.
Leitzaren aldetik, pentsatzekoa da ez dela aldaketarik izango, semifinalean Legutiori nagusitu zitzaizkion hiru bikoteetan. Izan ere, horiexek berak dira Nafarroako finala ere irabazi zutenak: Hodei Sagastibeltza eta Aiur Ugartemendia kadeteetan, Julen Baleztena eta Aimar Zubillaga jubeniletan, eta Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea nagusietan.
«Jokatzeko partidu politak dira», aitortu dute esku pelotari hernaniarrek. Eta baita ikusteko ere. Punta-puntako hiru partidu, giro paregabearekin.