Zazpigarren estropadari ekingo dio 'Maialen' traineruak igandean, Portugaleten, 12:00etan. Horrekin, ETE Ligaren erdia osatuko dute hernaniarrek.
Aurretik, pasa den asteburuan bi estropada jokatu ziren, larunbatean Camargon (Kantabria) eta igandean Lekeition (Bizkaia). Bosgarren postua lortu zuten hernaniarrek Kantabrian, eta seigarrena Bizkaian. 'Maialen' traineruko entrenatzailea den Asier Oconen aburuz, «estropada guztietan borrokan murgilduta gaude. Ez gara atzean geratzen. Hori, oso ezaugarri ona da». Beraz, datozenetarako baikorra da Ocon.
Eta datorrena igande honetakoa da: «Portugaleteko arraun eremua berezia da oso. Faktore ezberdinek zeresana dute. Ea zorte pittin bat dugun kale zozketan, eta beti bezala, borrokatzera irtengo gara», dio Oconek.