Hernanira etorriko da gaur Zelabide Rock Fest jaialdia. Gabriel Zelaia plaza (basket kantxak) rock zaleez beteko da, 20:15etan hasiko den doako emanaldia dela eta. Ondorengo taldeek eskainiko dute kontzertu bana: Hyronika, Dravernue, The kraven eta Basati.
Eta Dravernue taldeko pare bat kide etxean bezala sentituko dira, publikoaren harrera paregabea izango delako, bai; baina bereziki, hernaniarrak direlako. Raúl Gil abeslaria eta Eider Bailador teklatu jolea dira, eta haientzat berezia izango da seguruenik etxean kontzertua ematea.
Zehazki, Dravernue taldea donostiarra da, eta 2019an aurkeztu zuen bere lehen proiektua, 'D.A.G.D.A.' deritzona. Eta jaiadiko gainontzeko taldeak ere Euskal Herrian jaiotakoak dira; euskerazko abestiren bat edo beste dituztenak: Hyronika Errenterian sortu zen, 2013an; The kraven Durangon, 1998an, nahiz eta 2008an banandu egin zen, eta 2022an berriro hasi zen musika egiten; eta Basati Tolosaldeakoa da, 2017an sortua.