«Energia trantsizioan pauso garrantzitsuak» ematen ari da Hernaniko Udala. Azken urteetan, herriko 10 udal eraikinetan instalazio fotoboltaikoak jarri dira. Zubipetik hasita 2024ko apirilean eta gaur egunera arte; azkena udaletxeko teilatuan egindako instalazioa izan da. Udalak eta Enherkom energia komunitateak iazko martxoan sinatutako hitzarmenak «berebiziko garrantzia» du arlo honetan; izan ere, datozen 25 urteetan udal eraikinetako teilatuetan eguzki plakak jarri eta «herriko energia komunitatearen bidez kudeatuko da».
Momentu honetan, hiru instalazio daude martxan: Zubipe futbol zelaikoa, hilerrikoa eta Ibaiondo poligonokoa. Horiez gain, epe motzean martxan jarriko dira herriko bost ikastetxetako sei teilatuetan iazko udan jarritakoak: Elizatxo, haurreskola, Langileko Laubidieta eta Meabe eraikinak eta Urumea. Horrela, gaur egun martxan daudenekin, udal eraikin eta jabetzak ez ezik, herriko ETE bat, 10 merkatari eta 184 familia hornitzen dira.
Eta trantsizio ekologikoaren alde egiteak ez ditu soilik onura ekologikoak ekartzen, baita ekonomikoak ere. Udalak aditzera eman duenez, orain arte 1.040.169,92 euroko inbertsio burutu da (187.830,14 euroko diru laguntzekin), eta bost urtetan amortizatzea espero da.