Gaurkoa du bere egun berezia Hernaniko Kaxkoak. Karmen egunez, hutsik egin gabe, ospatuko dituzte auzoko jaiak, egun osoko programarekin. Ohiko egitaraua, ohiko hitzordu eta ekintzekin, nobedaderik gabe. Gerturatzen denak, aurretik egona bada behintzat, badaki zer topatuko duen Kaxkoan; eta badaki ez dela aspertuko, bertan sortuko den lagunarteko giro goxoan.
Kale Nagusiko 54garrenean izango du aurreneko zita nagusia festak, bertan bilduko baitira aurtengoan, Kaxkoko alkate berria izendatu eta hainbat herritar omentzeko. Oraingoan bat ez, bi izango dira alkateak, aginte makila konpartituta, baina bakarra balira bezala, talde konpaktua: Pepi Arrozpide eta Jon Oñate. Omenduak, berriz, hiru, aski ezagunak: Jon Loran, Miren Lizeaga eta Miguel Lujanbio zena.
Ekitaldiko irripar zabalak ezabatu gabe baina emozio-malkoak lehortuta, bazkari herrikoiaren bueltan bilduko dira. 100 ‘kaxkotar’ inguru izango dira menu goxoaz eta sobremesa luzeaz gozatuko dutenak, printzipioz Plaza Berrin. Baina B eta C planak ere prestatu dituzte badaezpada: bero haundiarekin, Andre kalera mugituko dute bazkaria; eta euria egingo balu, berriz, Txantxangorri elkartera.
Batzuek solasaldi luzeekin beteko dute sobremesa, eta beste askok karta jokoari ekingo diote. Partida bat bestearen atzetik, haurrak txokolatea jaten eta puzgarrietan saltoka… eta aurten ere larri ibiliko dira sari banaketari garaiz ekiteko, finalen bat bukatzeko zain. Baina atzeratuko ez dena, hori seguru, sardinak hartzeko ilara luzea izango da. 66 kilo sardina dauzkate prest ‘pintxo-pote’ goxoena egiteko, eta agortu egingo dira ziurrenik. Astegunaren araberakoa omen da hori, eta Karmen eguna ostegunez tokatzen denean, jendetza bertaratzen da sardin eskean. Printzipioz hamarrak arte ariko dira parrilleroak jo eta su, baina are gehiago luzatuko da festa giroa Plaza Berrin.
KARMEN JAIAK 2026
GAUR, osteguna
09:00, Kaxkoko hildakoen omenezko meza, San Joan Bataiatzailea parrokian.
10:00, Trikitilariak, Kaxkoan.
12:00, Alkate izendapena eta omenaldia, Kale Nagusiko 54an. Alkateak: Pepi Arrozpide eta Jon Oñate. Omenduak: Miguel Lujanbio, Miren Lizeaga eta Jon Loran.
14:00, Bazkari herrikoia Plaza Berrin, eta balkoien apaintze lehiaketa.
16:30, Karta jokoak, Plaza Berrin. Bikoteak, mixtoak edo bi emakumez osatutakoak.
17:00, Txokolatada.
17:00-19:00, Puzgarriak, Plaza Berrin.
20:00, Sari banaketa: karta jokoak eta balkoi ederrena.
20:00-22:00, Sardin jatea, Plaza Berrin.