'Puntaren puntan', kultur ekipamendu berrirako puntu gehien lortu dituena

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 14a

'Puntaren puntan', kultur ekipamendu berrirako aukeratutako proiektua.

Behin-behinekoa da emaitza. Finalistek 10 eguneko epea dute dokumentazioa aurkezteko, eta behin hori egiaztatuta izango da behin betiko.

'Puntaren puntan' izan da, hernaniarren eta epaimahai-kualifikatuaren botoak batuta, puntu gehien lortu dituen proiektua, kultur ekipamendu berrirako. Guztira 93 puntu lortu ditu proiektu irabazleak, Atarrabiako Transición e innovación en arquitectura e ingenieria S.L. enpresak burututakoa; bigarrena 'Kultur taupada' (Barru arquitectura S.L.P.) deritzona izan da, 88 puntu lortuta, eta hirugarrena 'Paseoa eta kultura' (Javier Fernandez Ponce) izenekoa, 80 punturekin.

1.033 boto, herritarrek

16 urtetik gorako hernaniarren artean, 1.033 izan dira haien iritzia eman dutenak. Herritarren bozkak nahiko sakabanatuta eta berdinduta egon dira; izan ere, 'Paseoa eta kultura' izan da bozkatuena herritarren artean (oro har, epaimahaiaren bozkak kontuan hartuta hirugarren bozkatuena izan dena), botoen %35,17arekin. Herritarrek bigarren gustokoena izan dutena 'Puntaren punta' da (%33), eta hirugarrena 'Kultur Taupada' (%31,83). Epaimahai profesionalak, berriz, 'Puntaren puntan' eta 'Kultur taupada' proiektuak lehenetsi zituen, eta herritarren bozka «erabakigarria» izan da bien artean aukeratzeko.

Behin betiko ebazpenaren ondoren, proiektuaren idazketa lizitatzeko prozesua hasiko du Udalak. Proiektu horretan zehaztuko dira eraikinak, bai kanpotik eta bai barrutik, izango dituen xehetasun guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!