Aski ezagunak dira ondoko argazkiko aurpegiak, Hernanin oro har eta Kaxkoan zehazki apenas aurkezpenik behar dutenak. Haiek izango dira protagonista nagusiak bihar, Karmen Jaietan, omenaldia egingo baitiete eguerdiko 12:00etan, Kale Nagusiko 54garren atarian elkartuta: Kaxkoko alkate izendatuko dituzte Pepi Arrozpide eta Jon Oñate urtebeterako, eta aitortza egingo diete Jon Lorani, Maite Lizeagari eta Miguel Lujanbio zenari.
Hitzordu bereziaren atarian, aurreneko lauekin eta Lujanbioren senideekin solasean aritu da Kronika, haien ibilbidea, bizipenak eta anekdotak jasotzeko. Eta tira, ez da lan erraza jarri digutena, bost zutabetxo hauetan laburtzeko; baina egingo dugu saiakera... Barkatu ditzatela kontatu gabekoak!
Pepi Arrozpide eta Jon Oñate: azaleko perrexila eta ezkutuko ezinbesteko osagaia
Bi izango dira Kaxkoko alkate oraingoan, talde banaezina osatzen baitute Pepi Arrozpidek eta Jon Oñatek, hamaika saltsatan arituta: aurrenekoa perrexila bezala beti agerian, eta bigarrena atzeko lan ixilean.
Dantzaren bueltan egiten dute ibilbide luze eta oparoa, baina ez horrekin lotuta bakarrik. Floridako lokal hartako fandango eta arin-arinekin zein mendi bueltekin hasi, Iñude eta Artzainen konpartsan familia osoa ateratzearekin segi, eta San Joanetako kale bueltara arte. Izen bat jarri behar, eta San Joan Konpartsa deitu zioten. 1990a izango zen, eta hiru hamarkada luzeren ondoren, zaila da antolatu duten guztiari errepasoa egiten. Bi hilabeteko dantza entsaioak aurrena, eta desfilean kontatu beharreko historiaren lanketa ondoren: «Horretan asko lagundu zigun Antton Agirre Sorondo historialariak, zoragarria zen berarekin lan egitea. Eta beti eskertuko diegu izugarri, dantzan, desfilean edota karrozak egiten parte hartu duen edonori. Jende asko ari da lanean, eta guk adinako errekonozimendua merezi dute».
Bata bestearen atzetik etorri ziren, gerora, Kantaita (orain herri gehiagotara zabaldu dena), Dantzari Astea (zortzi talde eta egun bakarrarekin hasi, eta sekulako dimentsioa hartu duena), Olentzeroren etorrera, larunbatetako kantu-jira (egungo Kalez Kale Kantari), edota hileroko erromeriak. «Guk oso gustura egiten dugu egiten duguna, eta horrela jarraituko dugu», ziurtatu dute. Bihartik, Kaxkoko aginte makila hartuta arituko dira saltsa horietan eta gehiagotan.
Miren Lizeaga: loreekiko eta landareekiko pasioa, amarengandik jasotakoa
Erretiroa hartu berri du Miren Lizeagak, azkeneko bederatzi urteetan Epele loredendan aritu ondoren. Berandu heldu zion lanbide gisa, txikitatik pasio zuen horri. Epeleko Etxeberrin jaiotakoa, 33 urtez aritu zen gizarte zerbitzuetan lanean, Beasainen eta Andoainen; eta asteburuetan familiaren jatetxean laguntzen, bere bi ahizpak bezalaxe, itxi zuten arte. Baina «beti» gustatu izan zaizkio loreak eta landareak: «Amarengandik datorkit, berak zoragarri apaintzen zuen jatetxea. Ikasketarik ez zuen, baina asko zekien». Afizioz, «bidai asko» egin ditu Mirenek loreekin eta landareekin lotuta, tailerrak eta ikastaroak ere bai... Eta sekula pentsatu gabeko erabakia hartu zuen, duela 9 urte: «Gustura ari nintzen gizarte zerbitzuetan, baina nekatuta nengoen. Eta loredenda irekitzera animatu nintzen. Ikaragarri disfrutatu dut, oso gustura aritu naiz lanean eta herritarrekin tratuan», aitortu du. Orain «beste etapa bat» hasi du, baina jarraituko du «loreekin eta landareekin disfrutatzen, bidaiatzen eta bizitzen».
Jon Loran: 42 urtez gaztetxoekin futbolean, hasierako pasio berarekin
'Hobby' modura hasi zen Jon Loranentzat ere, duela 42 urtetik bizimodu izan duena. 13 urterekin hasi zen Hernaniko haurrak futbolean entrenatzen, Biterin eta Goiz Eguzki azpiko kantxan. CD Hernanik deitu zion gerora, Joxe Mari Ostolaza urruñarraren laguntzaile izateko, eta serioago hartzen hasi zen pixkanaka. «Pasio haundia neukan, eta pasio bera mantentzen dut orain, 55 urterekin», aitortu du berak: «Futbolarekin lotura izateko bai, baina bereziki gaztetxoekin aritzeko. Bitalidade haundia ematen didate». Eta gaztetxoak ere, belaunaldiz belaunaldi, gustura aritu dira berarekin: «Hainbeste gaztetxorekin aritu naiz urte hauetan guztietan, kalean agurtzen nautela askok eta askok, eta batzuetan ez ditut kokatzen, aurpegiak ezagunak egiten zaizkidan arren...».
Futbol mundutik ezagutzen ez duenak, Rioja tabernatik ezagutuko du, 17 urte zituenetik ari baita bertan lanean. Horren guztiaren aitortza jasoko du bihar: «Nirekin gogoratze hutsa ohore haundia da, eta sekulako ilusioa egin dit».
Miguel Lujanbio: borondatezko langile nekaezina
Joan den otsailean hil zen Miguel Lujanbio, urtetan eta urtetan lan nekaezina egindakoa, borondatez beti, makina bat elkarte eta talderen mesedetan. «Sekulako bihotza zeukan, eskatzen zioten guztiari ematen zion baiezkoa; ez zekien ezetz esaten, beti laguntzeko prest», adierazi dute omendu guztiek, solasaldian. Dozenaka errifa eta loteria saltzen, asteartero Hernaniko gaixoak ospitalean bisitatzen, trenen eta autobusen ordutegiak eskuz prestatu eta herritarrentzat ikusgai jartzen... «Gustura egiten zuen dena, berarentzat ez zen lana», diote.
Hainbat anekdota ere ekarri dituzte gogora. NANaren kaduzidadea 9999 urteko urtarrilaren 2ko datarekin agertzen zitzaionekoa bezala: «Zuk badakizu asteko zein egun den hori? Ea igandea tokatuko den eta itxita egongo den!», bota zion Jon Oñateri, umoretsu. Oriotik berreskuratu dute beste anekdota bat, Oxforden eta Cambridgen arteko estropada batekoa: «Uretara erori zen, ez zekien igeri, eta atera egin behar izan zuten... Baina ez zuen askatu bere kartera, beti besazpian zeramana!».
Egin zizkioten hainbat omenaldi bizi zen artean ere, beti «engainatuta», ihes egiten zuelako bestela. «Ez zitzaizkion batere gustatzen omenaldiak. Berak hala esaten zuen: 'Norbaitek uste badu omenaldiak merezi ditudala, hartu dezala nire bidea'».