Herritarren bozketa itxita eta epaimahai kualifikatuak bere iritzia emanda, gaur egingo dute Hernaniko kultur ekipamendu berriaren proiektua aukeratzeko bilera. Irekia izango da, eta herritar guztiek daukate bertaratzeko aukera. Eguerdiko 12:00etan egingo dute, udaletxeko laugarren solairuan, bigarren bilera gelan.
Zehazki, «kultur eraikin berria, aparkaleku publikoa, bero sare publikoaren galdara eremua eta inguruko plazaren antolaketarako proposamena» hautatzea da bileraren helburua; eta dena ondo bidean, lanen exekuzio-proiektuaren idazketa eta zuzendaritza fakultatiboa kontratatzea.
Hiru aukera jarri zituzten mahai gainean, Urumea ikastolaren eremuan eta inguruan kultur ekipamendu berria eraikitzeko. Horietatik bat aukeratuko dute gaurkoan, herritarren botoak eta epaimahaiaren esanak kontutan hartuta.