Euskal Herriko Herriartekoaren finala jokatuko du Hernanik datorren igandean, Leitzaren kontra

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 14a

Xabi Apaolaza gantxoz jokaldia egiten, Gipuzkoako Herriartekoaren finalean.

Semifinalean 2-1 menderatu zuen Zeanuri, eta Nafarroako txapeldunaren kontra ariko da Zumarragan. Lehia gogorra izango dute, hiru bikote oso konpleto baitauzkate leitzarrek: «Gozatu eta borrokatzeko partiduak izango dira».

 

Gozo-gozo jarraitzen du Hernanik, esku pelotako Herriarteko lehian; oraingoan, Euskal Herriko txapelketan: Zeanuri menderatu zuen joan den larunbateko semifinalean (2-1), eta finala jokatuko du datorren igandean, Leitzaren kontra. Zumarragan izango da, semifinalak bezalaxe, goizeko 11:00etan hasita.

Ez zuten kanporaketa erraza izan hernaniarrek, Bizkaiko txapeldunaren kontra. Are gehiago, gauzak ezin okerrago hasi ziren haientzat, kadeteen partiduarekin. Aratz Labaka eta Lier Zugasti ez ziren aritu bere maila onenean, eta 7-22 galdu zuten. Kolpe gogorra Hernanirentzat, baina ederki eman zion buelta egoerari, eta baita markagailua irauli ere.

Jubenilek eman zuten aurreneko pausoa horretarako, sekulako erakustaldiarekin: 22-1 nagusitu ziren Ekhi Oses eta Manex Alberdi, Zeanuriko bikoteari aukera txikiena ere eman gabe. Gauzak horrela, markagailua berdinduta, nagusien mailakoan jokatu zuten finalerako txartela. Horixe espero zen partidu gogorrena, eta hala izan zen. Gogotik borrokatu behar izan zuten Xabi Apaolazak eta Markel Lizeagak, aldapa gora jarri zitzaien partidua irabazteko. 3-9 hasi ziren galtzen, baina eman zioten buelta egoera zailari, eta 15na berdintzea lortu zuten. Zailena eginda, ez zien ihes egingo partiduak, eta 22-17 nagusitu ziren azkenean. Bigarren puntua, eta finalerako txartela.

Orain, oso kontrario indartsua izango dute aurrean, txapelaren lehian: «Leitzak pelotari onak dauzka hiru kategorietan, oso kontrario gogorra da. Baina guk ere talde konpletoa daukagu aurten, hiru mailetan indartsu; eta hirurak izango dira borrokatzeko partiduak. Horixe komentatu dugu gure artean, oso partidu politak izango direla, gozatzekoak eta borrokatzekoak. Dagoeneko haundia da lortu duguna, eta sari gehigarria baldin badator, zoragarri. Gure maila emanez gero, irabaztetik gertu izango gara», azaldu du Xabi Apaolazak. 

 

Zikuñaga Papelera torneoan, aste garrantzitsua

Bestalde, bere erdialdera iritsi da Zikuñaga Papelera Txapelketa, Hernaniko kiroldegiko frontoian; eta aste garrantzitsua izango da hau. Batetik, mutiletan, aurreneko semifinalak jokatuko dituzte asteazkenean, 17:30etan hasita: eliteko eta urrezko nagusien semifinal bana izango da, eta zilarrezko kadeteen beste bat. Ostegunean, berriz, azkeneko final laurdenak izango dira, 19:00etatik aurrera, urrezko kadeteetan eta zilarrezko jubeniletan.

Eta bestetik, larunbat goize­an ekingo diote lehiari 14-17 urteko neskek. Zortzi bikote izango dira, eta ligaxka jokatuko dute larunbatean, bi multzotan banatuta, denek denen kontra: A multzokoek 10:00etan hasita, eta B multzokoek segidan, 12:00etatik aurrera. Multzo bakoitzeko bi bikote onenak sailkatuko dira semifinaletara.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!