Ostegun honetan iritsiko da Euskarabentura Hernanira

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 14a

Behe Nafarroan barrena aritu ziren parte hartzaileak, hasierako etapetan.

Uztailaren 1ean jarri zen martxan zortzigarren espedizioa dena, Atharratzetik abiatuta.

 

 

Martxan da Euskarabenturaren zortzigarren espedizioa. Uztailaren 1ean abiatu zen Atharratzetik (Zuberoa), eta Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, Getxon amaituko da hilaren 31n. Ekimenaren xedea da «gazteen euskeraren erabileran eragitea», 2018an sortu zenetik aldatu ez dena. Orduan, eta gaur egunera arte, Euskarabentura «gazteek euskara bizipen positiboekin lotuko zituen esperientzia ahaztezina» izatea izan da intentzioa.

Parte hartzen ari dira 130 gazte, Euskal Herrikoak zein diasporakoak. Horrela, orain arte egindako bidea honakoa da: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Iruñea, Irurtzun, Arbizu, Olazti, Agurain, Gasteiz eta Araia. 

Gaurko etapan, Arabako Araia herritik abiatuta, Gipuzkoan barrena ibiliko dira, Zerainera iritsi arte. Bihar, Zeraindik Tolosara joango dira, eta etzi etorriko dira Hernanira, ostegunez. Bertan pasako dute arratsaldea eta gaua, eta Oiartzunerako bidea hartuko dute ostiralean.

 

Bi asteren ondoren, ilusioa

Ia bi aste egin dituzte Euskal Herria zeharkatuz gazte zein koordinatzaileek. Lehenengo astea bete ondoren, hausnarketa edo balorazio modukoa egin zuten. Koordinatzaileek diotenez, «hasierako lotsa kendu dute» parte hartzaileek, eta beroa dela eta lehenago abiatu behar izan diren arren, gazteek dioten moduan, «gogoko lekuan aldaparik ez da». 

Horrela, nahiz eta aldaparen bat edo beste sufritu, datozen egunetara begira parte hartzaileen artean gailentzen den emozioa ilusioa da; izan ere, «bada txalaparta ikasten hasi denik, hilabete osoa etxetik kanpo emango duenik, Zuberoa lehen aldiz ezagutu duenik, eta arnasgune batean bizitzeko aukera lehen aldiz izan duenik». Ilusioz etorriko dira beraz Hernanira, baita ikasten jarraitzeko gogoz ere.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!