Bi kotxek aurrez aurre jo zuten atzo gauean, Kronika parean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 13a

Gaueko 22:45etan gertatu zen istripua, Oindi eta Larramendi kaleen arteko kurban, behetik gora zetorren kotxeak kontrako karrila inbaditu zuelako.

Istripua gertatu zen atzo gauean Hernaniko Lizeaga auzoan, bi kotxeren artean, Oindi eta Larramendi kaleen arteko kurban. 22:45etan izan zen, Kronikaren parean hain juxtu. Portutik gora zetorren kotxeak kontrako karrila inbaditu zuen, eta aurrez aurre jo zuten bi kotxeek. Lekukoek azaldu dutenez, «rallyen gisan derrapatzen» eta «musika sekulako bolumenarekin» zeukala zijoan behetik gora zetorrena.

Berehala bertaratu ziren Hernaniko Udaltzaingoa eta anbulantzia, eta errepidea itxita egon zen tarte batez, bi kotxeak mugitu zituzten arte. Lau zauritu izan ziren, denak ere arinak, Udaltzaingoak aditzera eman duenez. Haietako bat ospitalera eraman zuten, sabelean traumatismo bat zuela.

Udaltzaingoak berak jakinarazi duenez, gidarietako batek uko egin zion momentuan alkohol eta droga proba egiteari, eta hortaz, odol analisiak egin zizkioten ondoren. Emaitzen zain daude orain.

Ez da kontu berria errepide horretan kotxeak abiadura haundian eta 'rallyen gisan' ikustearena. Andoni Pikabea udaltzainburuak azaldu du, horrela dijoan auto bat topatzen duten aldiro gelditu egiten dutela, eta alkohol eta droga probak egiten dizkiotela gidariari; baina Oindi kalea ez dela «ohiko istripu-lekua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!