Euskal Herriko Herriartekoaren finala jokatuko du Hernanik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 11

Kadete mailako partidua galdu ondoren, markagailua irauli du Zeanuriren kontra, jubeniletan eta nagusietan garaipena lortuta. Leitza edo Legutio izango du aurkari finalean, datorren asteburuan.

Euskal Herriko txapela ere lortu nahi du Hernanik, Herriartekoan. Eta eman du aurreneko pausoa: finalera sailkatu da, Zeanuri menderatuta (2-1).

Ez dute kanporaketa erraza izan hernaniarrek, eta markagailua irauli behar izan dute aurrera egiteko. Izan ere, kadete mailakoan ezinean aritu dira Aratz Labaka eta Lier Zugasti, Zeanuriko bikote indartsuaren (G. Erkiaga eta J. Beitia) aurrean; eta 7-22 galdu dute.

Hasiera konplikatua Hernanirentzat, beraz; baina ez du amore eman. Eta indarrak parekatu ez ezik, animo kolpe haundia eman dute Ekhi Osesek eta Manex Alberdik, jubeniletan. Puntu hori ezinbestean lortu beharra ikusten zuten hernaniarrek, finalera pasea lortzeko. Baina Bizkaiko txapeldunen gainetik pasa dira erabat: 22-1 menderatu dituzte Gortazar eta Beobide.

Eta horrela iritsi dira partidu erabakigarrira, nagusien mailakora; kanporaketako parekatuena izan dena nabarmen. Kale edo baleko lehian aritu dira Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga, B. Beitiaren eta A. Erkiagaren kontra; eta garaipen haundia lortu dute azkenean (22-17), finalera sailkatzeko.

Sasoi betean jarraitzen duela erakutsi du Hernanik, eta txapelaren bila ariko da datorren asteburuan, Zumarragan bertan. Kontrarioa, bihar goizean ezagutuko du: Leitzak eta Legutiok jokatuko dute bigarren semifinala, 11:00etan hasita, hori ere Zumarragan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!