Gipuzkoakoa irabazi ondoren, Euskal Herriko Herriartekoaren txapelaren bila ariko da Hernani, urte borobilari erremate finena jartzeko. Bihar bertan jokatuko du semifinala, Bizkaiko txapeldunaren kontra, jardunaldi bakarrera: Zeanuriren kontra, goizeko 11:00etan hasita Zumarragan.
Aldaketa bat egingo dute hernaniarrek, finalean Aduna menderatu zuen seikotearekin alderatuta. Kadeteetan, Aratz Labakak jokatuko du aurrelari, Oier Arsuagaren ordez, Lier Zugastirekin batera. Jubeniletan, berriz, Ekhi Oses eta Manex Alberdi ariko dira, eta nagusietan Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga.
Kanporaketa gogorra espero dute Zeanuriren kontra. Azaldu dutenez, bereziki indartsua da kadete mailako aurrelaria, eta lanak izango dituzte kategoria horretan garaipena lortzeko. Beste horrenbeste nagusietan, bikote indartsua izango baitute aurrean Apaolazak eta Lizeagak.
Gipuzkoako finalean bezalaxe, jubenil mailakoan izango da faborito Hernani, eta puntu hori ziurtatu nahi dute. Hortik aurrera, beste biak lehiatuko dituzte gogor, bigarren puntua eta finalerako txartela lortzeko. Ez dute aukera askorik izan biharko zitara begira entrenamendu espezifikorik egiteko, uda garai honetan partiduz lepo baitabiltza denak ere; baina sasoi puntu onean iritsiko dira, eta eskuak sano dituztela.
Beste semifinala Leitzak eta Legutiok jokatuko dute, Nafarroako eta Arabako txapeldunek. Zumarragan bertan ariko dira haiek ere, igande goizean, 11:00etatik aurrera.