'Maialen'ek zita bikoitza, gaur eta bihar

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 11

Elkartasuna ere badute helburu elkartean, eta ekimen solidario batean parte hartu dute.

Bi estropada jokatuko ditu Hernaniko 'Maialen' traineruak asteburu honetan: gaur 13:00etan Camargon (Kantabria), eta bihar 12:00etan Lekeition (Bizkaia). Asier Ocon entrenatzailearen iritziz, gaurkoa «estropada gogorra» izango da, eta biharkoa «ezberdina izango da oso, itsaso zabalean jokatuko baita».

Pasa den asteburuan Zarautzen izan ziren arraunlari hernaniarrak, igandean; eta zazpigarren amaitu zuten, baina denboraldiko postu onena lortzetik gertu, Deusto bosgarrenetik apenas bi segundura. Aurreko asteburuan, ekainaren 27an, seigarren sailkatu ziren Elantxoben.

Taldeak uda honetarako dituen helburuez mintzatu da Asier Ocon, eta dio «gure ibilbidean beste pausotxo bat» eman nahi dutela, eta «lehiaketan pixka bat gehiago finkatzen joan». Orain arte Maialen trainerura «egokitzen» aritu direla aipatu du Oconek, eta orain «beste maila bat eman nahi dugu». Asmoa zein den ere esan du entrenatzaileak: «Uztailean dagokigun txanda irabazteko borrokan aritu, eta abuztuan joango gara ikusten».

 

Elkartasunak, «zeresan haundia»

Hernaniko Arraun Elkartean argi dute arrauna ez dela haien helburu bakarra. «Elkartasunak zeresan haundia du». Horren erakusle da ekimen solidario batean parte hartu izana pasa den ekainean, Garbera Merkataritza zentroak, Baobab eta Saguia Elkartearekin batera. 

Garberak kirol material bilketa egin zuen Saharako errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko, «oinarrizko ekipamenduaren premia haundia baitute». Horrela, beste erakunde batzuekin batera, Hernaniko Arraun Elkarteak bere ekarpena egin zuen, kirol-kamisetak, txandalak, eta abar luze bat emanez. 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!