Iruña-Veleiari buruzko erakusketa ikusgai etzitik, Biterin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 11

Josetxo Mendia.

Hernani Errotzenek antolatuta, hilaren 13tik 24ra egongo da ikusgai. Josetxo Mendiaren hitzaldia izango da 16an.

 

'Iruña-Veleia, 20 urte argirik gabe' izenburupean, erakusketa eta hitzaldia antolatu ditu Hernani Errotzenek, datozen egunetarako. Zehazki, astelehenetik aurrera egongo da ikusgai erakusketa, Biteriko erakusketa gelan, uztailaren 24ra arte. Bertan, «indusketaren historiaren eta grafitoen jatorrizko kopien bidez» kontatuko dute «20 urte hauetan gertatutakoa».

Hitzaldia, berriz, hilaren 16an izango da, datorren ostegunean. Josetxo Mendiak eskainiko du, arratsaldeko 18:30etan erakusketa gelan bertan, bere azalpenak eman eta bizipenak kontatzeko. Auzia une honetan nola dagoen ere emango du aditzera.

Bi saioen atarian, auziaren nondik norakoak kokatu ditu Hernani Errotzenek: «Baskoien hiriburu izan zen Iruñeatik oso gertu dago Irulegiko erromatarren garaiko aztarnategia. Oso ezaguna egin da 2022an aurkitu zuten 'Irulegiko eskua'. Pieza bakarra, nahiz eta oso garrantzitsua izan. Industen jarraitu dute, eta hara non, lau urte geroago beste pieza bat aurkitu duten, bakarra. 'Hamar' zenbakia omen duena hizki iberiarrez idatzita. Iruña-Veleian, orain dela 20 urte, dozenaka grafito aurkitu ziren. Latinezko eta euskarazko hitzak omen zituzten oso argi. Baina indusketa bertan behera utzi eta ez da geroztik ezer egin beste arrastorik aurkitzeko. Are gehiago, indusmakina bi metrotara sartu eta birrindu egin dituzte 10.000 laguneko benetako hiri erromatar baten arrastoak. Zertan datza batean eta bestean ezberdin jokatzeko arrazoia. 20 urte pasa dira eta oraindik ez dute argitu gezurrezkoak diren eta zeintzuk, ala benetakoak diren. Gezurra zen, ala egia?».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!