Urteroko festa giro goxoa nagusituko da Kaxkoan, datorren ostegunean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 12a

Jendetsuak izaten dira karta jokoak, partehartzaileei eta ikusleei dagokienez.

Karmen Jaiak ospatuko dituzte goizetik gauera, ohiko planarekin. Pepi Arrozpidek eta Jon Oñatek hartuko dute aginte makila.

 

Datorren ostegunean ospatuko dituzte, egun seinalatuan, Kaxkoko Karmen Jaiak. Ohiko egitaraua eta urteroko festa giro goxoa izango ditu egunak auzoan, goizetik gauera.

Goizeko mezaren eta trikitilarien kale bueltaren ondoren, eguerdian izango da aurreneko zita nabarmena. Kale Nagusiko 54an elkartuko dira auzotarrak, hurrengo urtean zehar alkate izango direnei aginte makila emateko. Pluralean, bai, aurtengoan bi izango baitira ardura eta ohorea konpartituko dutenak: Pepi Arrozpide eta Jon Oñate. Ekitaldi berean, gainera, Miguel Lujanbio, Miren Lizeaga eta Jon Loran omenduko dituzte.

Bertatik Plaza Berrira mugituko dute festa, eta hura izango da egunaren bigarren zatiaren eszenatoki: bazkari herrikoia aurrena, karta jokoak ondoren, eta txokolatada eta puzgarriak ere bertan. Eta eguna borobiltzeko, karta jokoen eta balkoi ederrenaren sariak banatuta, sardin jateak bilduko ditu hemengo eta hango, giro ederrean.

 

KARMEN JAIAK 2026

UZTAILAK 16, osteguna

09:00, Kaxkoko hildakoen omenezko meza, San Joan Bataiatzailea parrokian.

10:00, Trikitilariak, Kaxkoan.

12:00, Alkate izendapena eta omenaldia, Kale Nagusiko 54an. Alkateak: Pepi Arrozpide eta Jon Oñate. Omenduak: Miguel Lujanbio, Miren Lizeaga eta Jon Loran.

14:00, Bazkari herrikoia Plaza Berrin, eta balkoien apaintze lehiaketa.

16:30, Karta jokoak, Plaza Berrin. Bikoteak, mixtoak edo bi emakumez osatutakoak.

17:00, Txokolatada.

17:00-19:00, Puzgarriak, Plaza Berrin.

20:00, Sari banaketa: karta jokoak eta balkoi ederrena.

20:00-22:00, Sardin jatea, Plaza Berrin.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!