Joan den asteburuan, Hernaniko Udalak aditzera eman zuen Urumea ibaiarekin lotutako infekzio gastrointestinaleko kasuren bat detektatu zela; hau da, Urumea ibaian bainatu ondoren gisa horretako infekzioa pairatu zuten herritarrak izan zirela. Horrela, arriskuaren berri eman zuen Udalak, eta orain jakinarazi du, ordutik gaurko egunera arte kasurik ez dela izan.
Hala ere, «horrek ez du esan nahi infekzio arriskua erabat desagertu denik; izan ere, Urumea naturgune bat denez, uraren kalitatea aldakorra da, eta bakterioen presentzia ere baldintza natural ezberdinen arabera aldatu daiteke».
Horrenbestez, Udalak gogorarazi du ibaian bainatzearen erantzukizuna eta erabakia bakoitzarena dela, eta bainatzea erabakiz gero, gomendagarria dela urik ez irenstea, baita oinarrizko higiene neurriak kontuan hartzea ere. Azkenik, bainuaren ondoren infekzio gastrointestinalekin lotutako sintomarik izanez gero, osasun-zentroarekin «berehala» harremanetan jartzeko deia egin dute.