Urte osoan zehar sekulako lana egin ondoren, iritsi zaie saria eta erronka nagusia Uxue Santxo Guerrero eta Jurdan Zaldua Abad igerilari hernaniarrei. Espainiako Txapelketetan izango dira datozen bi asteetan: infantil mailakoan ariko da Zaldua, uztailaren 16tik 19ra, Kanaria Handian; eta junior mailakoan Santxo, hilaren 23tik 26ra, Sabadellen.
Jon Ander Izuzkiza entrenatzailearen eskutik, etxeko lanak ondo eginda joango dira bertara, eta horren erakusgarri dira azkeneko txapelketetan lortutako emaitzak. Uxue Santxo Euskal Herriko txapeldun izan zen 100 eta 50 metroko bular probetan, eta bigarren 200 metrokoan. Gipuzkoako Txapelketan, berriz, bigarren izan zen 100 metroko bular proban, maila absolutuan eta juniorretan; eta hirugarren 200 metrokoan.
Jurdan Zalduak, berriz, urrezko hiru domina kolkoratu zituen Euskal Herrikoan, 100 eta 200 metro libreetan zein 50 metroko tximeleta proban; eta zilarrezkoa 50 metroko bular proban. Gipuzkoakoan ere txapeldun izan zen 100 metro libreetan eta 100 metro estiloetan; eta hirugarren 200 metroko tximeleta proban.
Finaletara sailkatzea erronka, Espainiako Txapelketan
Euskal Herriko eta Gipuzkoako Txapelketen aurretik, dagoeneko ziurtatuta zeukaten biek Espainiakoan aritzeko txartela. Zalduak sei probatan aritzeko gutxieneko denborak lortu ditu, baina gehienez ere lau probatan parte hartu dezake, araudiak hala mugatuta. Horrela, honakoetan ariko da Kanaria Handian: 50, 100 eta 200 metro libreetan, eta 200 metro estiloetan.
Santxo, bere aldetik, 50 metroko bular proban ariko da ziur Sabadellen, eta oraindik badauka bigarren proba batean ere parte hartzeko, azkenean 'ranking'aren bitartez plaza lortzen badu: 100 metroko bular proban, hain zuzen ere.
Biek ala biek, erronka garbia daukate: parte hartuko duten proba guztietan finalera sailkatzea, eta aurreko txapelketetan lortutako emaitzak hobetzea. Badakite ez daukatela lan erraza, baina itxaropentsu eta konfiantzaz beteta joango dira.