Uda Parkean, aurten ere «diziplina guztiak hartuko dituen» jaialdia

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 9a

Hodei Elola, Aitor Huizi eta Oritz Barrenetxea, ezkerretik eskuinera, Ave Marian.

Hiru eguneko egitaraua prestatu dute aurtengo ediziorako, «adin tarte guztientzako eta ordutegi guztietan» burutuko diren jarduerez jantzita. Ave Maria parkea ekitaldiz beteko dute uztailaren 23an, 24an eta 25ean.

 

Pasa den asteartean aurkeztu zuten Uda Parkean jaialdiaren aurtengo edizioa, uztailaren 23an, 24an eta 25ean Ave Maria parkea jardueraz beteko duena, «diziplina, ordutegi eta adin tarte guztientzako» emanaldiekin. Aurkezpenean izan zen Aitor Huizi Hernaniko Udaleko Kultura zinegotzia, eta egitarauaren errepasoa egin ez ezik, Uda Parkean jaialdiaren intentzioa ere azaldu zuen. Gainera, gonbidatu bereziak izan ziren, jaialdian parte hartuko duen Sutargi erromeria taldeko bi kide hain zuzen: Oritz Barrenetxea eta Hodei Elola.

Uztailaren 23an (osteguna), beraz, emango zaio hasiera jarduera mordoari, entrenamendu funtzionalarekin. Jarraitzeko, 60 urtetik gorakoentzako, ongizate fisikoa sustatzeko jarduerak izango dira. Arratsaldean haurren txanda: egurrezko jolasak egongo dira lehendabizi, eta Cris Clown pailazo kataluinarraren emanaldia ondoren. Azkenik, gau partean, bertso saio musikatuaz gozatzeko aukera izango da.

Hurrengo egunean, uztailaren 24an (ostirala), ez da izango atsedenerako astirik, eta dinamika mota guztietako jarduerekin jarraituko da. Egunari hasiera emango diote berriro ere entrenamendu funtzionalarekin. Arratsaldean, bezperan bezalaxe, haurrentzako jarduerak izango dira, oztopo jolasen eremua eta zirkua hain zuzen. Arratsalde-gau partean, kontzertuak izango dituzte gazteek, lehendabizi Zilibito Records taldearen eskutik, eta ondoren, Sutargi erromeria taldearekin. Jaialdiaren aurkezpenean izan ziren Sutargiko bi kideek, Oritz Barrenetxeak eta Hodei Elolak, adierazi zuten Hernaniko hainbat sortzaileren kolaborazioa izango dutela kontzertuan, eta hainbat sorpresa ere izango direla, sekretupean mantendu nahi izan dituztenak, kontzertuan bertan errebelatzerakoan esperientzia politagoa izateko.

Eta uztailaren 25a izango da jaialdiaren azkeneko eguna, larunbata. Esperientzia polit batekin hasiko da, Bizi Bizikik eskainiko duena: Urumeako biodibertsitatea ezagutzeko tailerra. Hori goizean. Arratsaldean 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako jolas eta tailer ezberdinetarako espazioa izango da: maskara tailerra, slime tailerra, aurpegia margotzeko gunea, jolasak... Dantzarako txanda izango da gero, Haatik-101 taldearekin. Eta gorputza mugituko dute Duck'to eta A rienda suelta taldeek, akrobaziaz beteriko emanaldia eskainiko baitute. Azkenik, jaialdia itxiko du Gailu eta Izaki Gardenak taldeen musikak, publikoa dantzan jarriz.

Horrela, egitarauan bertan ikus daitekeen bezala, egunero haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako jarduerak izango dira, ordutegi guztiak estaliz, baita mota guztietako jarduerak ere, hau da, kirolarekin, kulturarekin, naturarekin eta jolasekin zerikusia duten jarduerak. Eta hori nabarmentzeaz gain, Aitor Huizik adierazi du Uda Parkean ari dela «bere tokitxoa egiten Hernaniko aisialdi ekintzen artean». Gainera, esan du jaialdiaren egunetan Ave Maria parkeak hartzen duen kolorea «izugarri berezia» izaten dela. Horregatik guztiagatik, Huizik hernaniarrak eta inguruko herrietako jendea gonbidatu du Uda Parkean jaialdira bertaratzera, baita «parkeaz gozatzera» ere. Azkenik, Hernaniko Udaleko Kultura zinegotziak iragarri du parkean bertan afaltzeko aukera izango dela, bai etxetik ekarritako janariarekin edo, nahi izanez gero, bertan egongo diren 'food truck'etako janariarekin ere. 

 

UDA PARKEAN 2026, AVE MARIA PARKEAN

UZTAILAK 23, osteguna

09:30, Entrenamendu funtzionala.

10:30, Ongizate fisikoa bermatzeko jarduerak, +60 urte.

17:00, Haur eta familiei eskainitako egurrezko jolasak.

19:00, Antzerki-clown: Cris Clown (Katalunia).

21:30, 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua: Maialen Alkizu, Eli Pagola eta Maddi Aiestaran; gaia jartzen, Amaia Agirre.

UZTAILAK 24, ostirala

09:30, Entrenamendu funtzionala.

16:30, Oztopo jolasen eremua, Denontzat elkartearen eskutik.

19:00, Zirkua: Zirkozaurre eta Ardatzak.

20:30, Kontzertua: Zilibito Records.

22:30, Kontzertua: Sutargi erromeria, Hernaniko sortzaileekin batera.

UZTAILAK 25, larunbata

11:00, Urumeko biodibertsitatea ezagutzeko tailerra, Bizi Bizikiren eskutik.

16:30, Haurrentzako askotariko jolasak: Maskara tailerra, slime tailerra, aurpegia margotzeko gunea, jolasak... 5 urtetik gorakoei zuzenduta.

18:00, Dantza: Haatik-101

19:00, Akrobaziak: Duck'to (Katalunia) eta A rienda suelta taldeak.

22:00, Kontzertua: Gailu eta Izaki taldeak.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!