San Kristobal jaiak ospatuko dituzte Antziolan ostiralean, garai bateko festak berreskuratu nahian

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 8a

Antziolako Txokoko kideak, senide eta lagunekin, iazko ospakizunean.

Bazkari herrikoia egingo dute aurrena, eta dantzaldia eta bingoa izango dituzte ondoren. Joan den urtean egin zuten Antziolako Txokoko kideek, eta auzotar guztiei zabaldu diete festak ospatzeko deialdia aurtengoan.

 

Badira hainbat hamarkada, Antziola auzoan San Kristobal jaiak ospatzeari utzi ziotela. Eta ohitura berreskuratu nahian, joan den urtean herri bazkaria antolatu zuten Antziolako Txokoko emakumeek, San Kristobal egunez. Asteroko solasaldietan garai bateko kontuez hizketan hasi, auzoko jaiez gogoratu... eta batak bestea ekarri zuen.

Etxe barrura begira antolatu zuten iazkoa, eta bazkari baten bueltan elkartu ziren haiek, lagunak eta senideak gonbidatuta, eguna ospatzeko. Baina aurtengoan, auzotar guztiei zabaldu diete San Kristobal egunean festara batzeko deia. Hori horrela, paella jate herrikoia egingo dute Antziolako eskolako aterpean, eta auzoko tabernetan jarri dituzte txartelak salgai.

14:30etatik aurrera izango da bazkaria, eta ondoren ere, martxa ederra izango dute aurtengoan. Izan ere, Isidoro eskusoinu-jolearekin dantzaldia izango dute aurrena, gorputza mugitzeko. Eta bingoa ondoren, 17:30ak aldera hasita.

Beste pausotxo bat emango dute horrela, eta urtez urte hazten joatea da asmoa: pixkanaka jai batzorde bat osatzea auzoan, Antziolako bizilagunek elkar gehiago ezagutzeko eta harremanak sendotzeko. Eta San Kristobal jaiak ez ezik, bestelako ekimenak eta jarduerak ere antolatzen hastea elkarrekin.

Bitartean, etzikoa dute hitzordua, neurri batean, historiarekin. Garai batean bezala, auzotarrak festa giroan elkartzekoa. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!