Sei dira aurten uda Hernanin pasako duten haur sahararrak, errefuxiatuen kanpamenduetatik etorrita. Lehendik ere bertan izandakoak dira hiru, eta estreinako aldia dutenak beste hiru: Inas Salek Saad (12 urte), Fatma Lbar Cori (11), Mustafa Slut Sihmeida (11), Badr-Adin Mohamed-Salem Baba (10), Youghiha Hadad Emhamed Aali (8) eta Ragueb Aali Mohamed Mohamed-Salem (10). Asteazkenean iritsi ziren gurera, eta gaur eguerdian egin diete harrera Hernaniko udaletxean, haiei eta harrera familiei. Ongietorria eman diete udal ordezkariek, opari bana ere bai sei haurrei, eta familia argazkia egin ondoren, hamaiketako goxoaz gozatu dute denek.