Bertso saioetarako puntako garaia da uda, kanpin eta hoteletan goi-denboraldia izaten den moduan. Jaiak nonahi, eta jaietan bertsorik ezin falta. Sagardoarekin eta herri kirolekin batera, osagai printzipalak, trikitixaren doinuez bustita.
Eta halaxe dabiltza bailarako bertsolariak, dagoeneko, plazaz plaza eta festaz festa. Baina aurtengoak badu berezitasunik, eta txantxetarako gutxi: Bertsolari Txapelketa Nagusia hasiko da irailean. Hortaz, jaiak alaitzeko ez ezik, prestaketa serioa egiteko ere baliatuko dute uda, txapelketan aritu behar duten bertsolariek.
Eta hernaniarren kasuan, begibistakoa da serio hartu dutela, azken asteetako lehiaketa eta sariketei erreparatuz gero. Maialen Lujanbiok eta Andoni Rekondok, esaterako, aurreneko txapela jantzi dute dagoeneko. Amalloko Zortziko Txiki Txapelketa irabazi zuen Lujanbiok ekainaren 20an. Markina-Xemeingo auzoa da Amallo, eta bertako jaien harira antolatu ohi dute txapelketa, afari formatuan, bertako ermitan. Ba Andoni Egaña, Xabat Galletebeitia eta Oihana Bartra bertsokideei aukerarik eman gabe, txapeldun izan zen hernaniarra.
Rekondok, bere aldetik, Laukizen jantzi zuen txapela hurrengo egunean, Lauaxeta Bertso Saria irabazita. Kantukide izan zituen Martin Abarrategi, Iruri Altzerreka, Irantzu Idoate, Araitz Katarain eta Eki Mateorena; eta buruz burukoa Altzerrekarekin jokatuta nagusitu zen hernaniarra.
Txapela oso gertu izan zuen Rekondok berak, bezperan ere. Argi Baltza Sariketaren finala jokatu zen Muxikan, eta bertan izan zen, Eñaut Martikorena herrikidearekin batera, biek kanporaketa bana irabazi ondoren. Finalean bertsokide izan zituzten Eki Mateorena, Txaber Altube, Maite Sarasola eta Asier Galarza. Buruz burukoa jokatzeko sailkatu zen Rekondo, baina Altubek jantzi zuen txapela azkenean.