Gertakari bakarra ez, bat baino gehiago salatu nahi izan zituzten Hernaniko udal gobernuak eta Xabier Lertxundi alkateak, San Joanei buruz aurreko egunetan argitaratu dituzten adierazpenetan. Izan ere, udaltzain batek jazarpena jaso zuen txosnagunean, argindar arazo bat konpontzera joan zenean, udal gobernuak Kronikari jakinarazi dionez: «Momentuan ez zen adierazi, gaia aztertzen ari zelako. Baina udal langile bati oldartu egin zitzaion jendea San Joanetan. Udaltzain bat txosnaguneko argindar arazo bati erantzuteko laguntzera gerturatu zenean, jazarpena jaso zuen, eta batzuen aldetik baztertua izan zen. Gertaera larria da», adierazi dute.
Hain juxtu, horregatik izan zen udal gobernuaren adierazpena orokorra, eta gertakariak pluralean jasoz. Alkateak berak, sare sozialetan argitaratutako mezuan, honela zioen: «Jaiak bereizkeriarik gabeko eta guztientzako eremu seguruak izan behar dira, urte osoan zehar aldarrikatzen dugun moduan. Ez dugu onartzen egunotan jai guneetan haien jardun profesionalagatik pertsona batzuen kontra oldartu izana. Babesa eta elkartasuna adierazten diegu».
PSE-EEk eta EAJ-PNVk ertzain bat txosnagunetik kanporatu izana salatu zuten hitzez hitz, baina udal gobernuak bere adierazpenean ez zuen fokua gertakari jakin batean jarri, San Joanetan asteartetik asteazkenerako gauean izandako gertakarietan baizik: «Hernaniko Udalak bereizkeriarik gabeko espazioak eta herritar guztientzako eremu seguruak bermatu nahi ditu, eta ez du onartzen espazio horietan inor baztertzea», jasotzen zuen udal gobernuaren adierazpenak.