Intsektuen hotela erre zutela salatu du Urumeak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 2a

Urumea ikastolako intsektuen hotela, erreta.

Ekainaren 25eko gauean gertatu zen erasoa, ikastetxearen patioan dagoen etxolan. Bere «tristura eta haserrea» adierazi du eskolak.

San Joan jaietan bete-betean, erreta agertu zen Urumea ikastolako patioan dagoen intsektuen hotela. Eskolak berak salatu duenez, ekainaren 25eko gauean gertatu zen: «Nahita erre zuten intsektuen hotela, eta horrek tristura eta haserrea eragin dizkigu, gure ikastetxeko haurren ikaskuntza, naturarekiko errespetua eta ingurumen-hezkuntza sustatzeko sortutako baliabide pedagogiko baten aurkako erasoa izan baita».

Urumea ikastolak adierazi du, horre­lako ekintzek ez daukatela «le­ku­rik gure herrian. Guztion on­darearen aurka egiteaz gain, etorkizuneko belaunaldiei trans­mititu nahi dizkiegun balioak zapuzten dituzte: errespetua, ardura, bizikidetza eta natura zaintzea». Nabarmendu dute, hezkuntza-komunitate baten «la­na eta ilusioa» ezin direla «zapuztu» horrelako jokabideekin. Horregatik, gertatutakoa gaitzetsi dute, eta deia luzatu diete herritar guztiei, «espazio publikoak, hezkuntza-proiektuak eta guztion ondasunak zaintzeko».Ekintzaren egileei zuzendu dizkiete azkeneko hitzak: «Gonbidatzen zaituztegu hausnartzera zuen ekintzak zein ondorio izan dituen. Ez duzue egurrezko egitura bat bakarrik erre; haur askoren ikasteko aukera, ilusioa eta naturarekiko errespetua sustatzeko sortutako proiektu bat ere kaltetu duzue. Espero dugu etorkizunean guztion ondarea eta hezkuntza-ekimenak errespe­tuz tratatuko dituzuela». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!