Beti-betikoa da haur eta gaztetxoek erraldoi eta buruhaundiekiko duten interesa eta lilura, baina badirudi azkeneko urteotan haunditzen ari dela urtez urte. Eta joera hori konfirmatzera dator, beharbada, Karabelgo Konpartsa Txikiaren sorrera.
Urte hasieran sortu zuten, auzoko guraso batzuk elkartuta, «gure seme-alabek erraldoiekin duten afizioari bide emateko». Auzoko haurrekin batera, konpartsa osatzea lortu zuten.
Guraso guztien artean, zenbait auzokideren laguntzarekin, pixkanaka eman diote forma «ilusioz beteriko proiektu honi»; eta dagoeneko egin dituzte lau erraldoi txiki eta sei buruarin. Hamarreko taldea, gainera, ondo aukeratutako pertsonaiek osatzen dute: «Betiko gaietatik urrundu, eta bururatu zitzaigun emozioak landu genitzakeela». Horrela, Poza, Haserrea, Tristura eta Maitasuna dira lau erraldoiak; eta sei buruarinak, berriz, Poza, Tristura, Haserrea, Maitasuna, Lasaitasuna eta Beldurra.
Erraldoi eta buruarin bakoitza egiteko, «haurrek erabaki dute nolakoa behar zuen, eta beraien ideiak kontuan hartuta joan gara forma ematen sentimendu bakoitzari». Azaldu dutenez, «oso polita» ari da izaten prozesua, «eta denon artean, elkarlanean, asko ikasten ari gara».
Gainera, entsaio bakoitzaren hasieran ere hartu dute ohitura bat, haien pertsonaiekin lotura zuzena daukana: «Gure haurrei beraien sentimenduak azaltzeko bide eman diegu, eta ondoren, dantzan nola egin ikasi dugu ostegunero. Gure dantza propioak ere sortu ditugu», azaldu dute. Entsaioetarako, Belkara auzo elkarteak uzten die lokala, eta hori eskertu nahi izan diete.
Aurreneko kale bueltak ere egin dituzte dagoeneko, ekainaren hasieran: Karabelgo auzo egunean atera ziren kalera estreinako aldiz, eta hurrengo astean Aratz Ikastolak antolatutako kalejiran ere aritu ziren. Hurrengo zita nagusia irailean izango dute, auzoko jaiekin.