San Joanetan txosnagunean gertatutakoa salatu du Hernaniko EAJ-PNVk ere

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 1a

San Joanetan txosnagunean gertatutakoaren harira, bere «gaitzespenik irmoena» adierazi nahi izan du Hernaniko EAJ-PNVk ere: «Ertzain bat txosnetatik kanporatu zuten zerbitzutik kanpo zegoela herriko jaiak ospatzen. Ekintza hori guztiz bidegabea, baztertzailea eta bateraezina da EAJko gizon eta emakumeok defendatzen ditugun balioekin». Jeltzaleek diote Hernanin ez dagoela «diskriminaziorako lekurik», eta ezin dela inor baztertu edo seinalatu «bere lanbideagatik, ezta edozein kolektibotako kide izateagatik edo beste edozein arrazoi dela medio. Gure jaietan nork parte hartu dezakeen erabaki dezakeela uste duena, oker dabil; oker dabil herriz eta oker garaiz». Zentzu horretan, diote «errespetuan eta askatasunean» oinarritutako elkarbizitza eredua defendatzen dutela, eta aurre egiten dietela «larderiazko jarrerei».

«Horregatik ez dugu babestu alkateak aurkeztutako erakunde adierazpen proposamena, erabat eskasa irudituta. Hain eskasa, gertakaria bera ez dutela aipatu nahi izan. EH Bilduren adore politiko falta ez ezik, gaitzespenerako eta gertatutakoa kalifikatzeko bere borondaterik eza agerian utzi duen testua. Gai honetan ez dago ñabardurarik; gertatuakoa kondenatzea zintzotasun demokratiko kontua da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!