Ostiral honetan, uztailaren 3an, beteko dira 15 urte Charo Roman De la Fuente hernaniarra erail zuela bere bikotekide ohiak. Eta urteurrenaren bezperan, oroimen ekitaldi berezia antolatu du Hernaniko Udalak Azaroak 25 plazan, Charo Roman erail zuten tokian. Iluntzeko 20:30etan izango da, eta lore-eskaintza egingo dute, Romanen familia bertan dela. Euria eginez gero, Kulturarteko Plaza Feministara mugituko dute ekitaldia.
Hain juxtu, Plaza Feministan bertan izango da beste zita bat, oroimen ekitaldiaren aurretik: Indarkeria matxistarik ez! / ¡Ni una menos! izenburupean, serigrafia tailerra egingo dute arratsaldeko 18:30etan hasita, telazko pankarta bat osatzeko.
2011ko uztailaren 3ko goizaldean erail zuen Charo Roman bere bikotekide ohiak, Urrats oinetako dendaren eta Txantxangorri elkartearen parean. Hiltzaileak Romanen alaba labanaz erasotu zuen aurrena, eta haren aurrean hil zuen ama ondoren. Gertatutakoa gogoratzeko, Roman hil zuten bankua morez margotu ohi dute, eta plaza horri Azaroak 25 izena jarri zioten, emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapen bilakatu zedin. Plaka bat ere jarri zuten bertan, indarkeria matxistari aurre egin dioten emakume guztiei eskainia.