Azken urtean zehar hainbat zurrumurru zabaldu dira Urumea Ikastolaren inguruan: itxiera? fusioa? Horregatik, hori dela eta, Ikastola honetan bizi izan ditudan esperientziak partekatu nahi ditut eta nire esker ona adierazi.
Bertan eman ditudan zazpi urteetan familia baten parte sentitu naiz; irakasleekin, ikasleekin, familiekin eta komunitate osoarekin harreman estua eta aberasgarria eraikitzeko aukera izan baitut.
Urteek aurrera egin ahala, ikastola aldatu egin da. Gizartea aldatu den bezala, gu ere aldatu gara: irakasleak, ikasleak eta familiak ez dira duela urte batzuetako berberak. Eta horri erantzunez, proiektu berriak garatu ditugu, metodologiak egokitu, eta komunitatearen beharrei adituz lan egiten jarraitu dugu. Baina badago kezkatzen nauen eta gaituen errealitate bat: segregazioa. Geroz eta familia anitzagoak ditugu orokorrean, bai eskolan zein herrian, eta egoera horri aurre egiteko Urumea Ikastola egokitu egin da. Irakasle gisa, argi dut nire konpromisoa: inklusioaren alde lan egiten jarraitzea, ikasle guztiei aukera berdinak eskaintzea, eta komunitate kohesionatu baten alde egitea. Baina, nola bermatu dezakegu benetako oreka eta elkarbizitza herrian zein Hernaniko eskola guztietan?Urumea Ikastolari eskertza berezia eman nahi diot: proiektuak sortzeko, ideiak garatzeko eta aurrera eramateko jaso dudan babesa eta konfidantzagatik. Une oro lagunduta eta babestua sentitu naiz, eta horrek profesional zein pertsona gisa hazteko aukera eman dit. Gainera, ikasle ohia naizen hortatik, oso berezia izan da niretzat ikastola beste begirada batetik berriro ezagutzea. Txikitan izan nituen beldurrak eta sentipenak atzean utzita, gaur egun aniztasuna aberastasun gisa bizi duen eskola bat aurkitu dut; ikasleekin zein familiekin konpromiso handia erakusten duen eskola. Horrek harrotasunez eta itxaropenez betetzen nau.Horregatik guztiagatik, bihotzez, mila esker Urumea Ikastolako komunitate osoari. Zuen parte izaten uzteagatik.
Mila esker denoi.