Idatzi banaren bitartez, Hernaniko udal gobernu taldeak eta PSE-EEk gaitzetsi dute San Joan jaietan txosnagunean gertatutakoa, asteartetik asteazkenerako gauean: lanean ari ez zen ertzain bat kanporatu zuten bertatik.
Udal gobernuak adierazi du, San Joanak antolatzean, «herritar guztientzako jaiak» antolatzen direla, «herriko kale eta espazio guztiak herritar guztien gozamenerako moldatuta». Zentzu horretan, Udalak bermatu nahi ditu «inolako bereizkeriarik gabeko espazioak eta herritar guztientzako eremu seguruak», eta ez du onartzen «espazio horietan inor baztertzea». Horregatik, udal gobernuak dio lanean jarraituko duela antolatutako ekitaldietan «herritar nahiz bisitari guztiek ekitatean eta elkarrenganako errespetuan» parte hartu dezaten. «Kanpotik etorriko zaizkigunei, erakutsi diezaiegun Hernanin bereizkeriarik gabe bizi garela, eta pertsona guztien arteko harremanak bultzatu nahi ditugula».
Ildo beretik egin zuen adierazpena Xabier Lertxundi alkateak ere, sare sozialen bitartez: «Jaiak bereizkeriarik gabeko eta guztientzako eremu seguruak izan behar dira, urte osoan zehar aldarrikatzen dugun moduan. Ez dugu onartzen egunotan jai guneetan haien jardun profesionalagatik pertsona batzuen kontra oldartu izana. Babesa eta elkartasuna adierazten diegu».
PSE-EE: «Onartezinak dira horrelako jarrerak»
Hernaniko PSE-EEk, bere aldetik, «elkartasuna» adierazi nahi izan dio «bere lanbideagatik txosnagunetik kanporatutako herritarrari, bere aisialdiaz gozatzen ari zela». Eta era berean, gaitzetsi du «Hernanin horrelako jarrerak ematea oraindik ere».
Ricardo Crespok, sozialisten bozeramaileak, nabarmendu du «onartezinak» direla horrelako jarrerak, eta gogorarazi du lehenago ere azaldu izan dutela bere ezinegona, «San Joan jaiak ez direlako inklusiboak», aurreko astean presoen aldeko manifestazioa egitarau ofizialean txertatu izana salatuta, esaterako. Horren harira, Crespok adierazi du txosnagunekoa gertakari bat gehiago dela, «pentsarazten diguna EH Bilduk horrelako jarrerak babesten dituela, eta ez zaiola interesatzen benetako elkarbizitza».
EAJk salatu zuen moduan, sozialistek ere gogora ekarri dute haur talde batek Ertzaintzaren kontra kantatu izana, edota «urtero Kaxkoan azaltzen diren pankartak».
Txosnaguneko gertakariaren harira, PSE-EEk EH Bilduri «exijitu» dio «gure herriko elkarbizitzaren kontrako jarrera hauek kondenatu» ditzala, eta udal gobernuko alderdia den aldetik, bermatu dezala «herritar guztiek San Joan jai inklusibo batzuez gozatu ahal izatea, elkarbizitzan». Eskaera horien harira, sozialistek adierazi dute EH Bilduk «uko» egin ziola «txosnaguneko gertaerak kondenatzeari», eta «adierazpen publiko orokor bat» egin zuela.