ETE Ligako aurreneko hiru estropadak jokatuta, hasi da pixkanaka definitzen traineru bakoitzaren tokia, denboraldi luzean gorabehera haundiak izan daitezkeen arren. Eta Hernaniko 'Maialen' trainerua seigarren tokian finkatu da momentuz. Estreinako estropadan, Astilleron, Isuntzak hartu zion aurrea 79 ehunenekoren aldearekin, eta zazpigarren sailkatu ziren hernaniarrak. Baina hurrengo bietan nabarmen nagusitu zaio 'Maialen' ontzi bizkaitarrari, 10 segundutik gorako aldearekin, seigarren postuan.
Orain, aurreko traineruetara gerturatzea dute erronka hernaniarrek. Ondarroa izan da bosgarren estropada guztietan, eta 14 segundura izan du Hernanik azkeneko bietan. Zulo hori txikitzen hasteko helburuarekin ariko dira igande honetan Zarautzen: Gesalaga Okelan Banderaren lehenengo edizioa jokatuko dute, eguerdiko 12:30etan hasita. Binakako erlojupekoa izango da, bi luzetara.