Bihar LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, hausnartzera behartzen gaituen adierazpen instituzionala argitaratu du Berdindu LGTBI Euskal Zerbitzuak, Hernaniko Udalak ere onartu duena.
Adierazpenean dioten bezala, ekainak 28a ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna da, baina «egun honek hausnarketarako tartea ere izan behar du; izan ere, oraindik badira egiteko dauden lanak. LGTBIQ+ kolektiboaz multzo gisa hitz egiten badugu ere, errealitate guztiak ez dira baldintza berberen pean bizi».
Berdinduren aburuz, badira oraindik ere ikusgarritasun txikiagoa duten identitateak, gorputzak eta sexu orientazioak. Askotan, gutxiago ulertzen dira eta diskriminazioa jasateko arrisku handiagoa dute: «Horien artean daude pertsona transak eta intersexualak, baita emakume lesbianak eta pertsona bisexualak ere. Haien errealitateek oztopo handiagoak izaten dituzte aitortza osoa lortzeko. Egoera hori ez da gizartean bakarrik gertatzen. Inklusio handiagoa egon beharko lukeen espazio eta komunitateetan ere iraun egiten du», dio Berdinduk.
«Begirada intesekzionala» izatearen garrantzia ere aipatzen da idatzian, diskriminazioak ez baitu era bakarrean eragiten, ezta pertsona guztiei era berdinean ere. Horrek esan nahi du, LGTBI Euskal Zerbitzuaren arabera, ez dela gauza bera LGTBIQ+ pertsona izatea laguntza-sare bat, egonkortasun ekonomikoa edo aitortza soziala izanda, edo prekaritatean, bakardadean edo diskriminazio anitzen erdian bizita: «Euskadin ere bizi dira LGTBIQ+ pertsonak zaurgarritasun, desberdintasun edo ikusezintasun egoeretan. Besteak beste, egoera administratibo irregularrean dauden migratzaileak, kale egoeran bizi diren pertsonak, espazio heteronormatiboetan bizi diren adinekoak edo aniztasun psikikoa duten gazte LGTBIQ+ak».
Horregatik, «harrotasunaz hitz egiten dugunean, eskubideez ere ari gara. Eta pertsona guztientzako bizi-baldintza duinez. Inork ezkutatu beharrik izango ez duen gizartea eraikitzeaz ari gara. Inork bere burua justifikatu edo beldurrez bizi beharrik izango ez duen gizartea».
Bestalde, gogorarazi du gizarteko espazio guztiak herritar guztienak direla eta espazio bat benetan publikoa bada, anitza izan behar duela nahitaez: «Kaleak, erakundeak, ikastetxeak, kultur guneak eta komunitate espazioak pertsona guztiek berdintasunean egon eta parte hartu ahal izateko lekuak izan behar dira. Aniztasuna ez da mehatxu bat, ezta salbuespen bat ere. Gure gizartearen errealitatea da, eta denon ondarea».
Beraz, diote beharrezkoa dela oraindik ere ekainaren 28an ahotsa altxatzea, «ospatzea ere erresistentzia egitea delako; LGTBIQ+ pertsona guztien errealitateak ikusgarri egiteak garrantzitsua izaten jarraitzen duelako; eta oraindik ere badirelako bazterrean geratzen diren ahotsak, bizipenak eta beharrak». Berdindutik, konpromisoa berretsi nahi izan dute, LGTBIQ+ pertsona guztiekin, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeretan bizi direnekin. «Lanean jarraituko dugu pertsona guztientzat bidezkoagoa, inklusiboagoa eta anitzagoa izango den gizartea eraikitzeko».