Felixek ez dauzka 17 urte... eta zuetako gehienok ere ez. Eta ariko zarete gaupasa bat bestearen atzetik kateatzen, 'aguante ariketa ikaragarria' egiten... Baina egunez lotara. Eta bitartean, zein eta herriko helduenak martxari eusten. Nola gainera!
Txaranga kalean bada, haien atzetik topatuko dituzu jubilatu asko. Erromeria bada, dantzara ateratzeko ez dute beharko inork animatzerik. Gaur ere halaxe ibiliko dira, gauerdian banderak jaitsi ondoren, Incansables txarangaren atzetik. Haiek bai incansables! Egiari zor, kalejira horretan adin guztietakoek egingo dute bat... baina ea zein dagoen aurreneko filan eta umore onenarekin kantuan!
Atzokoa egun berezia zuten jubilatu askok: gimnasia eta zunba ikastaroetan prestatutakoa erakustekoa. 10:00etan hasi zuten ordubeteko erakustaldia (gazteak lotara erretiratu zirenean, gehiago ezin eutsi); eta ikustekoak ziren haien ilusio aurpegiak. Gora zuek, segi gozatzen!