Dantzatzen duen herri bat: Hernanin iraganetik etorkizunera

Amaia Sasiain Garcia 2026ko ekainaren 27a

Yausikako pista jendez lepo, 70eko hamarkadan.

San Joan Konpartsa hainbeste urteetan dantzan jarri zituen Yausika dantzalekuaren omenez aterako da kalera gaur arratsaldean. Dantza egiteari utzi ez dion herri baten bidea jaso dute aurtengo liburuxkan, Yausika, Tiloak eta Oialumeren historia eta istorioen bitartez.

Aurten San Joan Konpartsa oroitzera dator bost pezetarekin gau osoa dantzan igaro zenezakeen garai horiek. Yausikako argi gorri horien artean ezagutu ziren bikote asko. Atzealdean, Iñaki Disyokiaren musika entzuten zuten bitartean lehen dantza saioak egin zituzten gazte askok, eta ez hain gazteek ere. Baina, Yausika ez zen dantzaleku bat bakarrik, musika itzaltzean herri guztia batzen zuen, bingo partidak ere jolasten ziren. Hernani, dantzaren kultura errotuta duen herri bat da eta horren adibide ditugu Tilosetako bailableak eta Oialumeko Erromeria baita ere. 

Yausikaren proiektua 1968an jaio zen Julián Isasa Minerren eskutik, San Joan Konpartsaren txostenean jasota dagoenez. Euskal-Nafarroako Arkitekto El­­kargoak urte horretan eman zion baimena Urbieta 8ko eraikinaren soto azpian dagoen lokala dantza-areto bihurtzeko. Baimena lortzea ez zen bide erraza izan, dantzalekuak sortu zitzakeen zarata eta soinu-arazoak auzokideekin ekarri zitzakeen tentsioengatik. Gainera, legez, eraikineko guztiei, bi aldeetako eta aurretiko hiru etxeetako bizilagunei kontsulta egin behar zitzaien. Oztopo guztiak gaindituz, 1969an Yausikak bere ateak ireki zituen hernaniar eta inguruko herrikoetako dantzazaleentzat.

1978an Yausikaren eskualdaketa eman zen, Juan Manuel eta Belisario Vicente Coral anaiek eskuratu zuten, diskoteka Hernaniko gau-bizitzaren erreferente nagusi bihurtuz. Asteko zazpi egunetatik lautan irekita zegoen, 1978ko iragarkiak horrela zioen: «Viernes noche, sábado tarde y noche, domingo tarde y noche, lunes noche», horietan guztietan irekita zegoen dantzalekua Yausikazaleentzat. Diskotekaren izena pilotalekuetako iragarkietan ere agertzen zen, eskubaloiko taldearen atzeko paneletan, horrela, herriko kirolak eta herriko diskotekak elkar topatzen ziren. 

Horrez gain, sarreran kartoi bat edo bi ematen ziren bingoan jolasteko, «bingo!» eta «linea!» oihuak tarteko, herri osoa partaide zen une bat partekatzen zen Yausikan. Boxeoak ere bazuen bere txokoa bertan, La Floridako patioan. Belaunaldi bat baino gehiago trebatu zen kirol horretan eta Gipuzkoa osotik gerturatzen zen jendea borroka-saioak ikustera. Mitxel Arozamenak idatziz jasota utzi duenez, Yausika goizetan kontzertu-areto bilakatzen zen eta Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo kantautoreak entzuteko plazera eskaini zuen: «Teorikoki sarrera ordaindu beharra izaten zen eta eztabaida batzuk izaten ziren, baina azkenean beti lortzen genuen ordaindu gabe sartzea».

Disyokeiaren pasarteak

Yausikaren arrakasta hainbestekoa zen 500 pertsonako aforoa izanda ere, gauerdian jendetza haundia kanpoan gelditzea ohikoa zela. Dantzalekuaren lan-taldea horrela osatzen zen: arratsaldean 6 zerbitzari eta gau­etan 4, Iñaki DJ-a eta Juli atezaina eta boxeolaria. Hemezortzi urterekin soilik, Iñaki bere musika eta dantzaren pasioari eutsiz, 1973an, Yausikako Disyokia bilakatu zen. Bere bidelaguna, Zabalegui, beti ondoan zuela diskoak erostera joateko eta saioetan laguntzeko. Eskertuta gogoratzen du Vicente Corralek, dantzalekuaren jabeen aitak, Iñakiren aitari baimena eskatu zionean semeari lan egiteko aukera emanez eta berehala kontratua formalizatuz.

Iñakik San Joan Konpartsaren txostenean jakinarazi duenez, Raffaela Carraren eta antzekoen musikaren laguntzaz animatzen zituen neskak pistan dantzatzera. Segidan mutilak joaten ziren eta rockabilly eta rock gogorrak jarraitzen zuen gau luzean zehar. Disyokeiak hainbat pasarte partekatu dizkie San Joan Konpartsakoei garai haiek gogora ekarriz. Batean, soinu-arazoak tarteko, bizilagun batek seigarren pisura igo eta belarria lurrean jarriarazi zion, salatzen zituen zaratak egiaztatzeko. Azkenean, ika-mika gogorrean bukatu zuten.

Iñakik, Yausikan bere bizitzaren unerik bereziena bizi izan zuela ziurtatzen du. Bere emaztea pistan dantzan ezagutu zuen, eta urteetara, ezkontza-aurreko ospakizuna Yausikan egin zuten, familia guztia testigu: «Ezkondu aurreko agurra, han, emaztearekin eta ia nire anaia guztiekin. Hor jende ezagun asko dugu eta herrian ere bai».

 

Lekukoak

Herritar askorentzat Yausika 'Zuloa' bezala ere ezagutzen zen, sotoan baitzegoen. «Gure gaztetako oroitzapenetan Yausikak badauka bere lekutxoa; izan ere, garai hartan parrandara ateratzen ginenean, herriko tabernak ixten zituztenean, azkeneko tragoa hartzera beti joaten ginen Yausikara», oroitzen du Mikel Arozamenak San Joan Konpartsaren liburuxkan. Herritarren testigantzak ere jaso dituzte eta hauek kontatzen dute nola elkartzen ziren bertan adin guztietako lagunak: «Mundu guztia joaten zen horra», gauerdiko bilgune bakarra baitzen herrian.

Hernaniar batzuk futbol entrenamenduaren ondoren, bokata bat bazkaldu eta gauerdian dardoetan jolasten bukatzen zuten Yausikan. Jakina denez, festa giroan, sarritan, iskanbilak sortzen dira, eta dirudienez 'baile agarrao' delakoetan sortzen ziren ika-mika gehienak. Iñaki Disyokeiak bazuen errezeta infalible bat haiek mozteko: rock gogorra jarri, ozenago.

Garayar eta Ansa autobusek eskualdea zeharkatzen zuten, ondoko herrietatik etortzen zirenentzat azkeneko autobusak 22:30etan edo 23:00etan alde egiten zuten. Beraz, dantzalekua itxi nahiz izanez gero, bi aukera zeuden: goizeko lehenengo autobusera arte itxaron edo auto-stop egitea. Gaupaseroentzat, Yausika itxi eta hurrengo geltokia Rufino taberna zen, goizeko seietan irekitzen zuena. Bertan, gautxoriak eta fabriketako langileak elkartzen ziren, batzuk egunari amaiera emanez eta besteak, egunari hasiera emanez. Auto-stoparen bidea aukeratzen zutenetako batzuk autopistako restopera joatea erabakitzen zuten: zerbait jan, berotu, indarrak hartu eta hurrengo garraioa hartzen zuten etxeratzeko.

Yausikako langile-taldea, 70eko hamarkadako hasieran.

 

Tiloak eta Oialume

Hernanik badu dantza-ondarea eta Tilosetako plaza horren lekuko izan da urteetan. 1920ko hamarkadan, Hernani-Donostia tranbiak babesten zituen bailableak. Tilosetako dantzaldiak hernaniarren bizitza sozialaren eta aisiaren parte izan ziren gutxienez mende batez. Duela ia 70 urte, 1957an, inauguratu zen San Joan egunean oraingo kioskoa. Herrian, honen aurretik, bi kiosko zeuden; bata, Txirri frontoiaren inguruan; bestea, Izagirreren tabernaren parean. Ohituraz, mutilen jaka edo jertseetan josten ziren koloretako kartulinak, 'txapak'. Hauengatik mutilek ordaindu egiten zuten eta, iruzurrak saihesteko, kolorea astero aldatzen zuten eta Txaperoa bueltaka ibiltzen zen.

Deskantsuan, txistulariek jotzen zuten eta Ansorenatar anaiek txistu ikaragarriak jasotzen zituzten. Hernaniar askok txistu horiek identitate euskaldunaren aurkako eraso gisa bizi zuten. Azkenean, 1965eko martxoan, Txistularien Bandak dimisioa aurkeztu zuen. Honi konponbidea emateko, Inaxio Mari Zubeldia bezalako herritar sentsibilizatuak zeuden. Zubeldia arduratzen zen igandetan etorriko ziren txistulariak bilatzeaz: diana jotzeko goizetan, eta dantza-soinuak arratsaldetan, Tilosetan, ohi bezala Musika Bandarekin txandakatuz. Horrela zegoen egoera Hernanin, 1996ko urtarrilaren 1ean hiru gazte hernaniarrek, garai horretan txistua ikasten ari zirenak, debutatu zuten arte: Joakin Apezetxeak, Antonio Insausti 'Txobito'k eta Patxi Apezetxeak, Trintxerpeko banda lagun zutela.

Frankismoaren urte latzenetan ohiturak aurrera egin zuen, herriak dantzan jarraitzen zuen. Halere, zentsura zorrotz zebilen eta Tilosetako dantzaldietako musikak ere filtroa pasa beharra zuen: Don Geronimo maisuaren eskutatik edo Don Fidel apaizaren eskutatik pasatzen ziren abestiak, filmak edo programa guztiak, argitaratu aurretik. Hala ere, boikot egunak ere errespetatzen ziren: uztailaren 18a, altxamenduaren eguna edo irailaren 13a, frankistek Donostia okupatu zuten eguna, esaterako. Arrazoi ezberdinak tarteko, Tilosetako dantzaldien ohiturak gainbehera izan zuen eta 1970eko hamarkadaren amaieran behin betiko bukatu ziren.

Herria oraindik dantzan jartzen jarraitzen duen leku bat da Oialume. Gerra Zibilaren ondoren, 40ko hamarkadaren hasieran, Felix Aranburu 'Felix Orkolekua' eta Joxe Erdozia 'Joxe Patas', aurrez-aurre aritu ziren pultsu-apustu batean. Oialumeko jabeak, Javier Barrenetxeak, apusturako Markos Zubeldia 'Beltza', soinujole hernaniarra eraman zuen. Bertaratutakoek hainbeste gozatu zuten, iganderoko ohitura bilakatu zela eta horrela jaio zen azkenean Oialumeko erromeria. Bertako soinujole berezienetariko bat zen Ramon Amenabar, itsua. Donostiatik Ergobiraino autobusean joaten zen eta Barrenetxeatarrek esku-erremolke batekin jasotzen zuten.

Oialumek diktadura urteak jasan zituen baita ere, eta Hernaniko Udalak erromeriaren baimena ukatu zuen urte batean, baina jotzen jarraitu zuten. Halako batean, Guardia Zibilak bertaratu ziren, baina soinujoleak Hernani eta Astigarraga arteko mugaren beste aldean hasi ziren jotzen, eta Hernaniko terrenotan ez zeudenez, Guardia Zibilak etorri ziren bezala, joan egin behar izan zuten ezer esan gabe.

Yausikak bezala, Oialumek ere bere ezizena irabazi zuen 1980ko hamarkadan: Young Play abertzalea, Galarretan zegoen Young Play diskotekari erreferentzia eginez. Oialumeren giroa guztiz euskalduna zen eta horrek bereizten zuen beste tokietatik. Hamarkada bat geroago, 1990ean, dantzaleku berria eraiki zuten. Ondoren, 2002an disko-musika eskaera hasi eta zazpi urte beranduago ospatu zen azken disko-festa. Oialumek ere euskal testuinguruan erreferentziazko musika-taldeak izan ditu bertan: Egan, Anje Duhalde, Ertzainak eta abar. Hain zuzen ere, Etzakit musika taldearen lehenengo eta azkeneko kontzertuak Oialumen izan ziren.

 

Yausikaren itxiera

Yausikak lau arazo kroniko jasan zituen urte hauetan: soinu-bolumena, sute-prebentzio neurriak, larrialdi-plana eta itxiera ordutegia. Horrez gain, azken urteetan, salaketa asko izan ziren dantzalekuaren aurka, eta batzuk aurrera egin zuten. Hori gutxi balitz, 1969 urteko lizentziak ez zuen 2001eko araudi berriekin bat egiten. Urte horretako azaroaren 12an, Mertxe Etxeberria Aranburu alkatearen, eta Juan Manuel Vicente Corralesen sinadurarekin, Yausikak ateak itxi zituen betirako. Hainbeste urteren ondoren, itxierak berehala piztu zuen eztabaida herrian. Dantzalekuaren itxieraren ondoren festazaleentzat bi aukera bakarrik gelditu ziren: kalean jarraitzea edo kotxez itzultzea. Honek, dirudienez, trafiko-istripuak ugaritu zituen eta polemika piztu zen herrian.

Vicente Corral anaien partetik lokala berrasmatzeko hainbat saiakera egin ziren: Kirol-Gastronomiako Elkartea bihurtzea, pub bat irekitzea eta galeria komertzial bat irekitzea, baina gauza bat edo beste tarteko, ez zen bat bera ere gauzatu. Hainbeste urtetan hernaniarren gaua alaitu zuen dantzalekuaren omenez 2011n Garin Tabernan Yausikaren remember-saioa ospatu zuten: «Yausikara joan ohi zirenek garai zaharrak gogoratzeko aukera izango dute», idatzi zuen Kronikak. DJ Mitxelenak eskaini zuen remember-saioa eta Juli, ohi bezala, atezain gisa egin zuen lan. Honela, garaiko Yausikazaleek eta gazteria berriak gau ahaztezin bat igaro zuten. Bi belaunaldi horiek badutelako elkar partekatzen duten zaletasun bat: dantza, musika eta gauaz gozatzeko gogoa.

Ohitura eta bizipenak jasotzea garrantzitsua da ahanzturan erori ez daitezen. Horregatik, San Joan Konpartsakoek sortu duten liburuxkak ondare hau mantentzen laguntzen du, dantzatzeari utzi ez dion herri baten oroitzapenak jasoz: «Yausika ez da ahaztu. Baina idatzi ezean, dena barreiatu egiten da pixkanaka», Yausikaren historia, Tilosetako bailableena eta Oialumeko erromeriarena hernaniarren sare sozialaren parte dira.


 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!