Urtero lez, gaurko egunez, San Joanen azken egunez, herri kirolen emanaldia gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek. Punta-puntako aizkolari eta harri-jasotzaileak izango dira Tilosetako pilotalekuan, 12:30etan, saio ikusgarria eskaintzen.
Aizkoran ariko dira bi emakumezko eta hiru gizonezko: Malen Barrenetxea hernaniarra, Nerea Arruti, Iker Vicente, Ioan Goikoetxea eta Oier Mitxelena. Eta harrijasotzen gizonezko zein emakumezko bana: Beñat Telleria eta Maddi Guesalga. Aizkolari zein harri-jasotzaileak, maila aldetik, momentuko onenetakoak direla esan daiteke.
San Joanetan, ekainak 27ko egunez, herri kirolen emanaldiaz gozatzeko aukera izatea ohitura bilakatu da, urtero-urtero errepikatzen dena. Baina nahiz eta errepikatu, herritarrei ez zaie errepikakorra egiten, beti eskaintzen baitute harri-jasotzaile eta aizkolariek emanaldi ikusgarria. Eta horren erakusle da urtero Tilosetako pilotalekua jendez lepo izaten dela, ekainak 27ko eguerdian.
Aurten ere, bertaratzen denak gozatuko du eskainiko duten emanaldiaz, baita kirol eta festa giroaz ere.