Klasiko bilakatu den bukaera izango dute aurtengo San Joan jaiek ere: kale ikuskizun piroteknikoa aurrena, bandera jaitsiera ondoren, eta zezensuzkoak denak dantzan jarri ondoren, Incansables txarangarekin kalejiran abiatuko dira herritar guztiak, Kaxkoan gora eta behera, buelta bat bestearen atzetik, horrela jaiak bukatuko ez direlakoan edo.
Aurtengoan, Lekittoko Deabruek hartuko dute erritualari hasiera emateko ardura, gaueko 23:00etan Plazatik abiatuta. Bizkaitarrek ez dute aurreneko bisita Hernaniko San Joanetara, eta ondo ezagutzen dituzte Kaxkoko kaleak. Hortaz, su ikuskizun polita prestatuko zuten kale eta plaza guztiak argitzeko.
Suarekin eta 'deabruek' sortzen duten ikusmin-ikara horrekin liluratuta, zientoka haur batzen dira ikuskizunaren inguruan, estanpida baten gisara mugituz plaza batetik bestera.
Txinpartekin eta koloretako suekin jolasean aritu ondoren, Plazan bertan bukatuko dute saioa, jaien azkeneko erritualari bidea egiteko. Akelarreak eta Kontrakantxak jaitsiko dituzte banderak udaletxeko balkoitik, gauerdian; eta iluntasun ederrean 'San Joan zortzikoa' abestuz agurtuko dituzte jaiak herritarrek... Baina azkeneko salto eta dantzei hutsik egin gabe: zezezensuzkoak Plazako giroa berpiztu, eta Incansables txarangaren atzetik abiatuko dira den-denak, Kaxkoan barrena azkeneko kalejira umoretsua egiteko.