Txapata bat, bizkarrak berotzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 26a

Eszena berexiak utzi zituen Axeri Dantza nagusiaren estreinako kale bueltak, maxkuriaren tokia hartu zuen ogiarena bezala. Beste batzuk urterokoak izan ziren: tragoei eusteko abilezia edota sebo-pegoteen usai goxoa.

'Instinto asesino' delakoa ateratzen omen zaie Axeri Dantzako kideei, sokara lotu eta parez pare bizkar-sorta topatzen dutenean. Maxkuria eskuan hartu eta beste ezertan pentsatu gabe astintzen dute bizkarrez bizkar. Eta maxkuririk ez bada... Ba aurrean topatzen dutena.

Halaxe pentsatuko zuen Jon Felipek, okindegira sartu-irtena egin zutenean. Edo akaso hala aginduko zioten sokalagunek: «Hartu ezak ogi bat, gero Txantxangorriko hamaiketakoan falta izaten diagu eta!».

Modu batera edo bestera izan, ogia hartu, hartu zuen berak, txapata bat zehazki; eta maxkuri faltan, baita bizkarrak berotzeko baliatu ere. Txukuna iritsiko zen ogi hori hamaiketakora...

Ezohiko eszenak bakarrik ez, urterokoak ere utzi zituen atzoko Axeri Dantzak, noski. Noizbait hitz egin beharko da Hernaniko gaupaseroek duten abilezia bereziaz: sekulako maxkuri-kolpeak jasota ere, tinko eta tantorik galdu gabe eusten diote eskutan daramakiten tragoari. Berezko abilezia edo urteetako parranden ondorioz ikasitakoa ote?

Eta eztabaidatu beharko du­gu noizbait, era berean, Axeri Dantzan benetan zerk sortzen duen ikara: maxkuri kolpeek sor­tutako oinazeak? Bati eta besteari entzunda, beste zerbait da inork desio ez duena: maxkurien sebo-pegote horiek arropan uzten duten usaia. 

Akaso sokakideen 'instinto asesino' hori elikatzen ari gara lerro hauekin... Tira, haiek pixka bat lasaitzeko esango dugu, bertakoak 'erdi ohituta' egon daitezkeen arren, kanpotik (baina ez oso urrutitik) datozenei beldur 'pixka bat' sortzen diela kolpeen hotsak... Gertu tokatu zaizkigu egunotan halakoak!

Atzo goizean horrexek hartu zuen protagonismoa, Axeri Dantzak. Baina beroak ez zion hizketagai izateari utzi, noski. Lagunarteko broma-jolasetarako gaia ere eman du, sikiera. Herritar batek bere lagun burusoilari «flekilloa kizkurtu» egingo zitzaiola esan zionean bezala.

Festetan lanean dabiltzanei ere, nahiko buruhauste: jakin dugu 'furgofarra'tako batek urgentziaz joan behar izan zuela atzo mekaniko bila, izorratutako frigorifikoa konpontzera. Batzuek jai egiteko besteek lanean aritu behar dutela eta...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!