Goizeko eguzkiarekin batera hasiko da urteroko festa Goiz Eguzkin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 26a

Goiz Eguzkiko bazkideak, aurreko urteko erakustaldian.

Gimnasia eta zunba erakustaldiak eskainiko dituzte gaur 10:00etan, eta luntxa eta sari banaketak izango dira segidan.

Egun ederra izaten da gaurkoa, San Joan jaien azkenaurrena, Goiz Eguzkin. Urteroko zitari hutsik egin gabe, erakustaldiak, jan-edana eta sari banaketak izango dira bertan, goizeko 10:00etatik aurrera.

Gorputza mugitzeko tartea izango dute aurrera, eta gimnasian aritu direnek eskainiko dute emanaldia Goiz Eguzkiko parkean bertan. 10:00etan hasita, ordu laurden inguruko saioa eskainiko dute.

Ondoren, zunbako taldeak hartuko die erreleboa. 10:15ak al­dera hasiko dira haiek, eta beste ordu laurdeneko emanaldia eskainiko diete bertaratuei. Nahi duenak, dantzara batzeko ere izango du aukera.

Gorputza mugituta eta izerdia botata, jan-edanerako tartea izango da Goiz Eguzkin. Urtero bezala, luntxa egingo dute, 10:30etan hasita; eta txartela eskuratu dutenek eguerdiko 13:00ak arte izango dute hamaiketako ederraz gozatzeko aukera.

Eta bien bitartean, sari banaketa ere egingo dute. 11:00etan hasita, opariak emango dizkiete aurtengo karta jokoetan eta kaleko jolasetan ondoen aritu direnei. Tartean izango dira, nola ez, sari bat baino gehiago eskuratuko dutenak, eta baita luntxarekin despistatuta haien sariaren bila gerturatzea ahaztuko zaienak ere...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!