Arratsaldeaz gozatzeko aukera zabala izango da gaurkoan, mota eta kolore guztietako doinuekin. Musikarik gabekoak eta errimadunak izango dira doinuetako batzuk, Tilosetan entzungai. Bertsolarien saioa izango da bertan, 17:00etan hasita: Maialen Lujanbio, Iker Ormazabal 'Tturko', Maddi Ane Txoperena eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan.
Musika nahiago duenak, berriz, hiru aukera izango ditu arratsaldean zehar, elkarren artean oso desberdinak. Batetik, ikuskizun ibiltaria eskainiko dute, elkarrekin, Kitadelpare txaranga astigartarrak eta Zapotxin pailazo hernaniarrak, 17:00etan Plaza Berritik abiatuta.
Bestetik, erromeria izango da Urbieta kalean, 18:00etan hasita, Oinkada eta Baztango Patxi Larralde taldeek gidatuta. Eta azkenik, 19:00etan txosnagunetik abiatuta, batukada feministak sortuko du burrunba kaleetan barrena.
Kilimak eta Skabidean taldeen kontzertuak, gauean
Ez da musikarik faltako gauean ere. Izan ere, bi talde ezagunen kontzertuak izango dira Plazan, 22:00etan hasita: Kilimak aurrena, eta Skabidean ondoren.
Gainera, Iraunkorrak txarangak gauerdia pasata hasiko du bere bigarren saioa kalez kale, 00:30etan.