Ezusteko zita, San Joanen bukaera borobiltzeko: bihar jokatuko du Herriartekoaren finala Hernanik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 26a

Joan den urtean bezala, herriko zaleen animorik ez dute faltako pelotari hernaniarrek, aurten bai txapela ekartzeko.

Arratsaldeko 16:30etan izango du eskuzko final haundia, Donostiako Atano III frontoian, Adunaren kontra. Hernaniarrak dira faborito, baina gogotik borrokatu beharko dute, bereziki kadete eta nagusi mailako partiduetan.

San Joan jaiak modurik onenean bukatzeko aukera daukate esku pelotari eta pelotazale hernaniarrek. Izan ere, ezusteko zitarekin borobilduko dituzte festak bihar arratsaldean: Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko dute Adunaren kontra, 16:30etan hasita, Donostiako Atano III frontoian. Herritik jendetza bertaratuko da, dagoeneko agortuta baitaude Hernaniko pelota klubak salgai zeuzkan 650 sarrerak. «Jendeak sekulako gogoa dauka finalerako», diote. Sarrerarik gabe geratu denak, bihar ere izango du aukera, frontoian bertan, sarrera eskuratzeko.

Joan den urtean ere finalista izanik, Hernani da faborito biharkoan, baina garbi daukate «jokatu eta borrokatu beharrekoa» izango dela, bereziki kadete eta nagusi mailako partiduetan. Jubeniletan, Ekhi Osesek eta Manex Alberdik maila hobea dute Barriola eta Iparragirre adunarrek baino, eta puntu hori ziurtatzea funtsezkoa izango da hernaniarrentzat, txapela ekarriko badute.

Kadeteetan, berriz, Oier Arsuaga eta Lier Zugasti ariko dira. Joan den urtean ere irabazi zuten beraien partidua Oiartzunen kontra, eta daukaten maila erakutsiz gero, garaipenaren lehian izango dira ziur, Aburuzak eta Cestauk osatutako bikote politaren aurrean. Eta beste horrenbeste tokatuko zaie Xabi Apaolazari eta Markel Lizeagari, nagusietan, Olasagastiren eta Cestauren kontra. Partidu parekatua espero da, eta finala oraindik erabakitzeko egonez gero, emozioa ziurtatuta dago.

San Joanak «txintxo-txintxo» ari dira bizitzen pelotari hernaniarrak, aitortu dutenez; eta ospakizuna eta parranda biharko gordeko dute, txapela lortuz gero. Entrenamenduetan gustura aritu dira, eta puntu-puntuan iritsiko dira zita nagusira.

Edonola ere, kontrario arriskutsua da Aduna, motibazioz gainezka, Herriartekoan bere aurreneko finala jokatzeko. Bergararen kontra azkeneko partiduan kanporaketa iraulita iritsiko da, gainera.

Baina ez da nolanahikoa hernaniarrek daukaten gogoa ere. 2012an lortu zuten txapela azkenekoz, eta seigarrena eskuratu nahi dute aurten, bere zortzigarren finalean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!